Zapatuan iritsiko da Espainiako Itzulia Debagoienera

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 8a

Zapatuan, Espainiako Itzuliko 20. etapa Bilbon hasiko dute. Elgetatik sartuko da ibarrera (14:00), handik Bergarara jaitsiko da eta Gorla igoko dute (14:15); Deskargatik bueltan gero, Antzuolara (15:15) ailegatuko da, eta handik Kanpanzarrerako bidea hartuko dute Epeletik (15:40). Kanpanzarretik Elorriora, Durangora, Urkiolara... Gasteizen amaitzeko. Lasterketa dela-eta errepide batzuk itxita egongo dira zirkulaziorako. Horrekin batera, mobilizazioak deitu dituzte zapaturako.

Espainiako Itzulia duela 33 urte pasa zen Euskal Herritik azkenekoz. 1978ko maiatzaren 14a zen, eta Anoetako belodromoan amaitu zen etapa hura; hala ere, epaileek bertan behera utzi zituzten etapa hartako emaitzak, txirrindulariek salatu zutelako bidean oztopoak baino ez zituztela aurkitu: errepidea moztuta, hainbat lekutan. 33 urte geroago Debagoienetik igaroko da proba, eta proba Elgetatik sartuko da Debagoienera. Batzuendako aldarrikapenerako eguna izango da, beste batzuendako ziklismo onenaz etxean gozatzeko aukera.

Vueltak ibarreko zirkulazioan eragin zuzena izango du, noski: itzulia ailegatu baino 20 bat minutu lehenago txirrindulariak igaroko diren errepideak erabat moztuko dituzte: Elgetan, Gudarien bidea; eta Bergaran, San Lorentzo, Zubieta, Masterreka eta Aranerreka. Eta Gorlako bidean jende asko batzen bada, are lehenago moztuko dute alde bietatik, Bolutik eta Azkoititik, Bergarako Udaltzaingoan esan digutenez.

Antzuolatik pasatu aurretik ere itxi egingo dute errepidea, eta baita handik Kanpanzarrera bidea ere. Hala, Bidegitik jakinarazi dute AP1 autobidean ere eragina izango duela lasterketak, Bergara Hegoa eta Arrasateko irteerak itxi egingo dituztelako.

Mobilizazioetarako deia

Egun horretarako Espainiako Itzuliaren kontrako  mobilizazioak deitu dituzte: Arrasateko Ezker Abertzaleak Kanpazarren ‘Txirrindularitza BAI, Inposaketari EZ. Euskal Herria NAZIOA’ aldarrikatzera animatu nahi ditu arrasatear guztiak; horretarako, Arbolapetan hirurak laurden gutxiagotan edo Kanpazarren hiruetan elkartzeko proposamena luzatu du. Eta Bergaran, herritar talde batek, Bilduk eta Aralarrek deituta kontzentrazioak egingo dituzte Gorlan eta Burdinaten. Ikurrinak balkoietara ateratzeko deia ere egin dute; gaur eta bihar salgai jarriko dituzte Irala kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak