Mendi irteera Oñatin eta ibilbide tematikoa Elgetan

Mirian Biteri 2011ko irailaren 8a

Hitzordu bikoitza dago etzi. Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatutako mendi irteerek aurrera dihardute. Etzi, domeka, santutegitik Pin-Pileko gailurrera arteko ibilaldia egingo dute. Elgetan, ostera, Intxortako ibilbide tematikoa egiteko aukera egongo da.

Oñatin, ohikoa den bezala, santutegiko hotelean egin dute hitzordua, 09:00etan, eta handik Urbiaraino igoko dira. Jarraian, Elorrolako muinoan, Zabalaitz eta Gorostiaran mendian ezkerreko bidea utzi eta bidezidor txikia jarraituz, Perusaroi izeneko saroirantz abiatuko mendizaleak dira; ibilbideak Pin-Pilera joko du orduan, eta han indarrak berritu ostean, Olazara lehenengo, eta Urbiara jaitsiko dira gero, ibilaldia Arantzazun amaitu aurretik.    

Txangoak bost ordu iraungo du, eta denera, 560 metroko desnibela dauka. 12 kilometroko luzera du, eta zailtasun ertaina duen irteera moduan dago sailkatuta. Betiko moduan, nahi duten guztiak daude gonbidatuta irteera horretan parte hartzera.

5 kilometroko ibilbidea

Esan bezala, egun berean, Intxortako ibilbide tematikoa egiteko aukera egongo da Elgetan. Intxortako magalean izandako frontearen berri ematen duen hiru orduko irteera Espaloian hasiko da, 10:00etan. Inpretazio gunea bisitatu ostean, 5 kilometroko ibilaldia egingo dute bisitariek.

Parte hartzeko aurrez eman behar da izena, 943 71 89 11 telefono zenbakian edo turismo@debagoiena.net helbide elektronikoan. Prezioari dagokionez, helduena 5 eurokoa da, eta 16 urtetik beherakoendako, bi eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak