Asteburuan hasi zen argitzen Euskal Herriko eszenatokia azaroaren 20an ospatuko diren Espainiako hauteskundeei begira. Alderdikideen %61en aldeko botoekin, Bildurekin koalizioan joatea erabaki zuen Aralarrek.
"Ezkertiar eta abertzalek batera"
Rebeka Ubera Aralarreko batzarkidearen esanetan, euren apustua beti izan da alderdi ezkertiar eta abertzaleen arteko elkarlana bideratzea eta hartutako erabakia koherentea da eta dituzten printzipioen ondorio. Gehiengoz lortutako emaitza, positiboki baloratu du Elgetakoak.
Herri bezala jokatu
Baikor agertu da Bilduko Pello Urizar ere, Aralarrekin lortutako akordioaren gaineko irakurketa positiboa eginez. Madrilgo instituzioak eurenak sentitu ez arren, Euskal Herriari eragiten dioten erabakiak bertan hartzen direla ikusirik, herri bezala joateko beharra ikusi dutela kontatu digu eta horretan Bildu eta Aralar –biak– bat datozela gaineratu. "Madrilen gure eskubideak exijitzeko kapaz izan behar dugu", Urizarren esanetan.
Bide propioa egingo du, aldiz, Eusko Alderdi Jeltzaleak, ezezko ofiziala eman dio koalizioan joateko proposamenari, lehentasuna bake eszenatoki bat finkatzea dela argudiatuta.
Benetako eskaintza ez
Ezezkoak ez du, baina, Bildu ezustean harrapatu Aintzane Oiarbide jeltzalearen hitzetan, eta egindako eskaintza ez zela benetakoa izan gaineratu du. Ildo horretatik, adierazi du gizartean etsipena sortzen bada Bilduren eskaintzaren ondorio izango dela eta ez EAJk hartutako erabakiarengatik.
Pello Urizarrentzat, aldiz, ikuspuntua guztiz kontrakoa da.
Aintzane Oiarbidek gaineratu du, hori bai, elkarlanerako ateak ez daudela guztiz itxita.
Nafarroari dagokionean, Bilduk eta Aralarrek Erkidegoan lortutako akordioa ez doa Nafarroaren kontra ezta NaBai-ren kontra ere, Rebeka Uberaren esanetan.
Erkidegoko eszenatokia argituta, ikusi egin beharko da orain zer gertatzen den Nafarroan.