Matz-Errekak 50 urte: "Etorkizunak aukera asko emango dizkigu, ondo prestatuta gaude"

Julen Iriondo 2011ko irailaren 7a

Baikor agertu da Jose Manuel Etxezarreta Matz-Errekako gerentea Antzuolako kooperatibaren 50. urtemugako liburua aurkezteko ekitaldian. 1961ean lau langilek Bergaran sortu zuten enpresaren bilakaera jasotzen du lanak.

Bakoitzak 100.000 pezeta jarrita, Lucio Agirrezabal, Julian Alberdi, Asensio Azkarate eta Inaxio Aristik sortu zuten Matz-Erreka enpresa 1961ean, Bergaran, bere etxearen beheko solairuan Inazio Basterrak utzi zien lokalean.

1969an Mondragon taldean

Torlojuak eta automobilerako osagarriak egiten hasi ziren. Enpresaren jarduera eta langile kopurua haziz joan zen etengabe, eta 1967an Bergaratik Antzuolara aldatu ziren. 1969an, berriz, Mondragon taldean sartu zen kooperatiba. Kontu hauek, negozio desberdinen sorrera eta bilakaera eta abar jasotzen ditu orain erraz irakurtzeko modukoa izateko asmoarekin eta hainbat argazkiz lagunduta atera duten liburuan.

Gaur egun lau negozio ildo ditu Matz-Errekak: ateetarako automatismoak; ate automatikoak; prezisiozko plastikoak; eta finkapen elementuak.

"Ondo kokatuta"

Etorkizunera begira, berriz, hau oparoa izan dadin Matz-Erreka ondo kokatuta dagoela adierazi du Jose Manuel Etxezarreta gerenteak.

Ororen gainetik pertsonen garrantzia nabarmentzen da 50. urteurreneko liburuan eta nabarmendu du gerenteak ere. Datozen urteetan Matz-Errekak orain arteko merkatuetan jarraituko duela dio Etxezarretak, agian berriak ere agertuko direla, mundu osoan saldu beharko dituztela euren produktuak eta ekoiztu ere, bai hemen baina baita kanpoan ere. Zentzu honetan Mixikoko eta Txekiako lantegiak dagoeneko errentagarri izatea lortu dutela nabarmendu du kooperatibako buruak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak