Larraitz Ugarte: "Etxegaraten ez dugu bidesaririk ipiniko 2012an"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 6a

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du datorren urtean ez ezartzea bidesaririk N-1ean, Etxegaraten. Halere, etorkizunean, ez du baztertzen kanona edo beste formula batzuk ezartzea errepide nagusi batzuetan, Gipuzkoako bide azpiegiturak finantzatzeko; izan ere, bozeramaileak adierazi duenez, azpiegiturotan "900 milioi euroko zorrak" ditu Aldundiak.

Erabaki honekin, aurreko agintaldian EAJ, H1! eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen foru araua geldiarazi edo bertan behera laga nahi du Aldundi berriak. Azkeneko hauteskundeen ostean, Bildu, PP eta Aralar —gehiengo Batzar Nagusietan— daude Gipuzkoako errepide nagusietan bidesariak ezartzearen aurka.

Bilduren Foru gobernuak agintaldian egiten duen lehen Diputatuen kontseiluaren ostean esan ditu berbok Aldundiko bozeramaile eta Mugikortasun eta Bide-Azpiegiturako diputatu Larraitz Ugartek.

Egoera ekonomikoa

Bestalde, 2012ko aurrekontuaren zirriborroak marraztu ditu. Hain justu ere, hurrengo bi urteotan, Foru aldundiaren zorra murriztea dela helburua esan du. "1.700 milioi euroko zorra murritzeko, 48 milioi euroko zorra" hartuko duela esan du Ugartek. Era berean, aurreko Foru gobernuak (EAJ-H1!) “ausartegi edo zuhurtzia gutxirekin” jokatu zuela esan du. Eta ogasun politikan aldaketak ezartzearen alde agertu da "gehien dutenek gehiago ordain dezatela", alegia.

Gipuzkoako ekonomiak aurten %3,6 haziko dela aurreikusi du Foru aldundiak eta garraiobide publikoen gainean, Txartel bakarra Euskotrenera eta Renfera zabaltzearen aldeko agertu da, aurreko Foru gobernua bezala. "Epe laburrean" hori errealitate izango dela esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak