Jokalari hauekin egingo diote aurre ohorezko erregionaleko taldeek ligari

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 6a

Datorren asteburuan hasiko dute Ohorezko erregional mailako Mondrak, Bergarak, Aloña Mendik eta Aretxabaletak liga. Eta, talde horiek honako jokalariekin egingo diote aurre aurtengo erronkari. Bergara izango da etxean jokatuko duen bakarra, Tolosaren kontra. Mondrak Lesakara egingo du bidaia, Aloñak Rotetaren zelaian jokatuko du eta Hondarribiara joango da Aretxabaleta.

Aretxabaleta futbol taldea
Iazko denboraldiko bizkarrezurra mantendu du aurtengorako Aretxabaletako taldeak eta, horrekin batera, bi aurrelari fitxatu dituzte: Oxel Apraitz (Beasaingo taldetik dator) eta Iker Sanchez (Eibarko taldetik dator).
Jokalari gazte eta beteranoekin osatu dute taldea eta  helburua da iazko laugarren postua berdindu edo hobetzea. Dena den, Juanan Cruz entrenatzailearen arabera, "oso zaila izango da". Denboraldia ondo hastea nahi du Cruzek: "Hasierako partiduetan goian jarrita, beste modu batera ikusten dira gauzak".


Aloña Mendi futbol taldea
Entrenatzaile berriarekin hasiko du denboraldia Aloña Mendiko talde nagusiak: Andoni Azkargorta antzuolarrak hartu du taldearen gidaritza. Azkargorta "oso motibatuta" dago eta "denboraldi ona egiteko gogoarekin". Iaz taldea larri ibili zen maila mantentzeko eta aurten "sufrimendu hori ekidin" nahi dute. Beteranoetako batzuek taldea utzi dute eta gazte asko daude aurtengo taldean. Dena den, Azkargorta ez dago kezkatuta: "esperientzia galdu dugu, baina beterano batzuk badaude eta gazteak segituan egokituko dira".


Mondra futbol taldea
Urtetan Mondran aritu diren askok laga dute taldea eta belaunaldi berriko jokalariekin osatu dute aurtengoa. Bazekiten beterano askok lagako zutela taldea denboraldi bukaeran eta gazte mailako jokalariekin lanean hasi ziren ligako azken lau hilabeteetan. Iban Rodriguez entrenatzailearen arabera, beteranoen falta sumatuko dute esperientziari dagokionean, baina Mondrak jokalari aldaketa behar-beharrezkoa zuen: "Urte askoan futbolean egindako jokalariak dira, eta, akaso, egin beharreko guztia eginda zuten". "Beste Mondra bat" ikusiko dugu denboraldi berrian, Iban Rodriguez entrenatzailearen arabera. Taldearen lehen helburua maila mantentzea izango da eta taldea noraino hel daitekeen ikustea. Denboraldiko bigarren helburu moduan taldea indartzea jarri du Rodriguezek.


Bergara futbol taldea
Lehen urtea egin zuen iaz Bergarak Ohorezko Erregionalean eta aurtengo helburu nagusia maila horri eustea izango da. Neka Galan entrenatzailea "gogotsu" dago denboraldia hasteko eta jokalariak ere "ilusioarekin" ikusten ditu. Mailari eustea izango da helburu nagusia, baina horrekin batera etorkizuneko jokalari izango direnak prestatzea da asmoa. Galanen arabera, "Bergararen filosofia da etxeko jokalariekin lan egitea eta gure aletxoa jarriko dugu horrela izan dadin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak