Durangoko Azokarako diskoa kalean izatea da Xarma taldearen asmoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 5a

Danbaka lehiaketako irabazleen saria diskoa grabatzea izaten da; bada, azken edizioko Xarma irabazleak horretan buru-belarri dabiltza. Abuztu erdialdean hasi ziren abestiak grabatzen eta joan zen astean, martitzenean, amaitu zituzten grabazio lanak, Arrasateko Shot estudioan. Orain, nahasketak egin behar dituzte. Xarma taldekoen asmoa da abendurako, Durangoko Azokarako, diskoa kalean izatea.

Karenka izango da Xarmaren bigarren lanaren izena. 12 abestiz osatutako diskoa izango da, guztiak euskaraz. "Diskoko abesti ia guztiak guk sortutakoak dira; abesti bat izan ezik; hori Ondarroako RKS taldearen bertsioa izango da". Karenka-k aurrez aurre esan gura duela azaldu dute Xarmako kideek.

Disko gogorragoa

"Abesti landu, indartsu eta zuzeneko tinkoa" dutela aipatu zuen Danbakako epaimahaiak Xarmari lehenengo saria emateko orduan. Itsaso Gutierrez taldeko kideak dio bigarren disko hori are eta gogorragoa izango dela, eta hori bilatzera joan direla: "Soinu indartsuagoa egin nahi izan dugu; guk nabaritu dugu aldea eta uste dugu entzuleek ere nabarituko dutela", azaldu du. Amarauna lehenengo diskoa atera zutenetik Xarmak eboluzioa izan duela gaineratu dute bai Gutierrezek eta baita Jon Kirru Iparragirrek ere.
Rocka da Xarma taldearen ardatza, eta doinu horietan bere ibilbidea egiten jakin du Xarmak.

Gustura egindakoarekin

Azken asteotan egin duten lanarekin oso gustura geratu dira Xarmakoak: "Gustura egon gara Shot estudioan Iñakirekin eta lan ona egin dugula uste dut", azaldu du Gutierrezek.
Diskoa Durangoko Azokarako kalean izatea espero dute. Diskoan, gainera, Intxorta 1937 kultura elkartearendako eta Ikasle Abertzaleendako egindako abestiak ere sartu dituzte.

Danbakak izan duen eragina

Danbaka irabazteak eraginik izan duen galdetuta, Gutierrezek eta Iparragirrek aipatu dute eragina izan duela; baina, uda honetan, esaterako, disko berriko abestiak prestatzen buru-belarri lanean ibili direla eta kontzertuak eskaintzeko denborarik ez dutela izan azaldu dute.
Bestalde, gaineratu dute diskoa grabatzeko aukera izatea zoragarria dela; izan ere, finantziazioa bilatzea izaten da zailena. "Dirua behar da diskoa grabatzeko", dio Gutierrezek.

Bateria-jole berria izango dute

Taldeari dagokionez, aldaketak izango dituzte aurrera begira. Orain arte bateria-jole izan den Josuah Froufek taldea utzi du eta haren ordez Denis Alberdi berriztarra sartuko da taldean. Keike taldean ibilitakoa da Alberdi, Gutierrez eta Iparragirrerekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak