Ikasturte berria "itxaropentsua" izango dela esan du Isabel Zelaak Bergaran

Txomin Madina Milikua 2011ko irailaren 2a

Hezkuntza sailburuak Bergarako San Martin Agirre aukeratu dute hasi berri den ikasturtearen hasierako ekitaldia egiteko. Zelaak esan du ikastetxe hau aukeratu dutela hezkuntza ereduan erakutsi duten maixutasunagatik, eta ikasturte berriaren erronkei buruz egin du berba. Hezkuntzan ez dela murrizketarik egongo ere esan du.

Sare publikoa eta pribatua, biak aintzat hartuta, 349.590 ikaslerekin hasiko da 2011-2012 ikasturtea, iaz baino 8.517 ikasle gehiagorekin. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren esanetan, ikasturte garrantzitsua izango da modernizazio proiektuen garapenereako, eta berauen artean Eskola 2.0 eta Hezkuntza Marko Hirueledunaren Markoa aipatu ditu sailburuak.

Azken honen garapenean 118 ikastetxek hartuko dute parte eta Eskola 2.0 proiektua bigarren hezkuntzara hedatuko da; horrek 20.000 ordenagailu gehiago ekarriko ditu ikasgeletara.

Lanbide Heziketa progarama izarra dela gaineratu du Zelaak, eta zentzu horretan esan du enplegagarritasuna dela bilatuko dutena. Gaineratu du bokazio zientifikoak ere indartu gura direla, eta zehaztu baita ere, ezagutzen pilaketaz eta konpetentzien garapenaz gain, hezkuntza sistema baloreetan hezten ere saiatu behar dela.

Hala esan du ikasturte hau itxaropentsua dela. ''Beharbada indarkeria terroristaren behin betiko desagerpenarekin eta ziur aski ETA gabe, Euskadi hobea izango da eta hezkuntza hobea izango da'' esan du Zelaak.

Irakaslegoaren egonkortasuna

Zelaaren esanetan gainera, irakaslegoaren baldintzak hobetu egin dira, azken hiru urteetan 3.064 enplegu publikorako eskaintza egin direlako eta horrek egonkortasuna ekarri dielako irakasleei. Gaineratu du krisi garaiak garai gogorrak diren arren, Patxi Lopezen gobernuak ''esfortzu handia'' egin duela hezkuntza sistemak krisiaren eragina ahalik eta gutxien nabaritzeko. Hala, iragarri du ez dela murrizketarik egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak