Arabako lau eskolak, Bizkaiko zazpik eta Gipuzkoako seik begirale, zuzendari eta jendarte-dinamizatzaile ikastaroak antolatu dituzte. Modalitate ezberdinetan emango dituzte: urte batean edo bitan, astean zehar edo asteburuetan, edo euskaraz ala gaztelaniaz. Prezioei dagokionez, 100 eurotik hasi eta 500 eurotara arte doaz, tituluaren arabera eta segun eta alojamendua eta mantenua barne dagoen edo ez.
Eskaintza zabala da eta aukeraketa errazteko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere baitako ‘Astialdi Foroa’ izeneko koordinakundea osatzen duten eskolen ikastaroen gida osatu du. Dokumentua gazte-erakundearen webgunean eskuratu daiteke: www.egk.org. Matrikulazio epeak zabalik daude dagoeneko.
Beste ikastaro batzuk
Begirale eta zuzendari ikastaroez gain, astialdi-eskolek beste ikastaro batzuk antolatu dituzte ere: heziketa premia bereziak astialdian, talde-dinamikak, kulturartekotasunean aditua, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, pertsona nagusiekin lan egiteko begirale ikastaroa, feminismoak historian zehar, edo nola murgildu euskaraz helduberriak. EGKren atariak ikastaroak dituzten eskola guztien loturak biltzen ditu.