Lanbidek 245 orientatzaile izango ditu arreta pertsonalizatua ematen

Leire Kortabarria 2011ko irailaren 1a

Euskal Enplegu Zerbitzuak 245 espezialista izango diitu baimendutako zentro laguntzaileen eta bulegoen sarean banatuak. 60 profesional sartu berri dira lantalde horretan.

Dagoeneko 185 orientatzaile ari dira lanean bulegoen sarean, eta 53 zentro laguntzaile daude jardunean; horiei orientatzaile berriak erantsita, arreta pertsonalizatuko zerbitzua hirukoiztu egingo da, guztira 245
espezialista bilduko baititu.

Langabezian dauden 62.000 euskal herritarren lanbide-orientazioa eta laneratze-ibilbidea jarraitzea da profesional horien eginbehar bat. Bestalde, arreta pertsonalizatuko 367.500 ordu bermatuko dira.

Orientatzaile bakoitza gida bat da enplegurako bidean. "Orientazioak izan behar du betiere Lanbideren bizkarrezurra. Hau da, bereziki langabeei laguntza eta aholku emateaz arduratu behar dugu, enplegua bilatzeko bidean", azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Orientatzaile gehienek (133 pertsona) Bizkaian jarduten dute, 75 profesionalek Gipuzkoan eta gainerako 37k Araban.

Ibilbide pertsonalizatua

Orientatzaile talde bakoitzak banako enplegu ibilbide pertsonalizatua diseinatuko, landuko eta gauzatuko du horrelakorik eskatuko dion eskatzaile bakoitzarentzat. Prozesuak honako hauek bil ditzake: enplegurako eta autoenplegurako orientazio eta informazioko zerbitzuak, lanbide-prestakuntzaren eta enplegagarritasunaren hobekuntza, eta kontaktuak enpresekin, entitateekin eta erakunde publikoekin laneratzea errazteko.

"Orientatzaileak eskatzailearen gaitasunei buruzko diagnostikoa egiten du; jarraian, kontratatua izateko duen gaitasuna hobetzeko tresna egokia eskaintzen dio eskatzaileari, eta, azkenik, lagundu egiten dio laneratzeko ibilbide horretan", azaldu du Gemma Zabaletak.

Enplegurako orientazioa jasoko dutenak honako hauek izango dira: langabeak, langabezia-arriskuan dauden langileak, eta enplegu-hobekuntzako egoeran daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak