Kataluniatik eta Valentziatik etorritako turistak nagusi aurtengo udan, gurean

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko irailaren 1a

Bisita gidatuek orokorrean harrera ona izan dute; Elgetako Intxortako ibilbide gidatuek arrakasta handia izan dute adibidez, eta Oñatin ere aurreko urteko datuak gainditu dituzte; bai bisita gidatu kopuru aldetik eta baita bisitari aldetik ere. Hala ere, Elgetako landetxeetan aurreko urtean baino mugimendu gutxiago izan dutela adierazi digute, eta Eskoriatzako Ibarraundi museoan eta Leintz Gatzagako Gatz museoan ere abuztua nahiko lasai joan dela esan digute.

Eskoriatzan, berriz, Zubiate labeak, Euskal Herrian gordetzen den zeramika labe adibide onenetakoak, dagoeneko izan ditu hainbat bisita. Horren harira, esan beharra dago jende dezente ibili dela abuztuan Eskoriatzan. Ibarraundi museoko Eneritz Zubiak jakinarazi digu, besteak beste, Gernika, Valentzia, Madril eta Cuencatik iritsitako bisitariak izan dituztela han, eta museoa bisitatzeaz gain, Eskoriatza eta bailarako turismoari buruz galdetu zutela.

Abuztuko bisitariekin pozik dauden arren, Zubiak gaineratu du uztailean oso bisita gutxi izan zituztela. Gehienak Sanpedrotan jaien harira jarritako erakusketan izan ziren.

Orain, irailean sartu berritan, lanera edo ikastera itzultzeko ordua dela ere nabari da turismo aldetik Debagoienean; izan ere, azken egunotan asko jaitsi dira kanpotik datozenen bisitak gurean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak