Bergarako kultura etxean egindako pentsaurrekoan, herritarren izenean, Unai Arantzabalek hartu zuen lehenik hitza. Haren esanetan, itzulia Euskal Herritik pasatzea ez da kasualitatea eta ez dio kirol irizpideei erantzuten. Helburua honakoa dela esan du: "Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela aldarrikatzea; Euskal Herritarrek bat egiten dutela irudikatzen saiatzea; PSE-PPrekin gauzak aldatu direla frogatzea". Era berean, Espainiako eta Frantziako Estatuei "gure etorkizuna" erabaki ahal izateko eskubidea ukatzea leporatu die.
Horren aurrean, salaketa kaleratu eta bergararrak itzuliaren aurrean euskal nazioaren izatea aldarrikatu eta defendatzera deitu zituen. Horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte. Tartean, Gasteizetik irten eta Bilbon amaituko den Euskal Pedalkada martxan. Jesus Arantzabal txirrindulari historikoak eroango du lekukoa Bergaran.
'Txirrindularitzari bai, inposaketari ez'
Unai Arantzabalen ostean, Bergarako alkate Jesus Elortzak hartu zuen hitza, Bildu eta Aralarren adierazpenaren berri emateko. Txirrindularitzari bai, inposaketari ez, Euskal Herria! nazioa lelopean aurkeztutako adierazpenarekin bat egiten dutela jakinarazi zuen. Horren harira, gaineratu zuen itzulia Euskal Herrian dagoen bitartean udaletxeko balkoian esandako leloa "modu ikusgarrian" zintzilikatuko dutela. Era berean, antolatzen diren ekimenenetan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.
Horra hor Bergaran eta Debagoienean antolatu diren ekimenak:
- Irailak 3, zikloturistei zuzendutako Euskal Pedalkada martxa igaroko da bailaratik. Arrasaten, Muxibarko biribilgunean egin dute hitzordua, 11:45ean; Bergaran, 12:15ean, Labegaraietako saihesbideko biribilgunean. Antzuolara, ostera, 12:30ean iritsiko da Etxezurira eta Deskarga aldera egingo du. Bizikleta eraman behar dela gogorarazi dute. Horretaz gainera, Bergaran 14:45ean deitu dituzte herritar guztiak, Infernukoa kanpoan.
- Irailak 10, bi elkarretaratze egingo dituzte Bergaran, Burdiñaten eta Gorlan.
- Irailak 10, ikurriñak balkoira ateratzeko gonbita egin dutela.