Denboraldi-aurreko partiduak bihar Mojategin, Ibarran eta Azkoagainen

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 2a

Futbolistak batere gogoko ez duten sasoian murgilduta daude: denboraldi-aurrea. Ohorezko erregionaleko taldeak denboraldia prestatzeko lanetan dabiltza buru-belarri –oraingo astean talde batzuk egunero entrenatu dute–. Bolumena lantzeko sasoia da, baloi gutxi, korrika asko, nahiz eta norbaitek esango duen horiek garai zaharragoetako kontuak direla, gaur egungoa futbol modernoa dela.

Eta, aste barruko lan hori fintzeko  balio dute lagunarteko partiduek. Hala, zapatu arratsaldean hiru hitzordu ezberdin izango ditugu ibarrean, Oñatin 17:00etan, Arrasaten 16:30ean eta Aretxabaletan 19:00etan.

Arrasate Hiria torneoa
Joan den astean mahoneroek irabazi zuten Bergara Hiria txapelketa, eta bihar jokatuko dute arrasatearren torneoa. 16:30ean hasita aurrez aurre izango dira Mondra, Bergara eta Aretxabaletako bigarren taldea. Eta bigarren taldea diogu, UDAko lehenengo taldeak Ibarran jokatuko duelako lagunartekoa, bihar, Amurrioren kontra (19:00). Arrasate aldean ez dute oso ondo hartu Aretxabaleta bigarren taldearekin joatea –ulergarria da– baina erabaki horren atzean ez da fede txarrik egon, UDAko entrenatzaile Juanan Cruz-ek adierazi moduan: "Duela hilabete eta erdi hasi ginen denboraldi-aurreko planifikazioa egiten, eta orduan adostu genuen Amurriorekin oraingo asteburuan lagunartekoa jokatzea. Eta, Arrasatekoen gonbidapena ondoren jaso dugu".
Horrenbestez, 16:30ean jokatuko dute Mondrak eta Bergarak, 17:30ean Bergarak eta Aretxabaletak, eta 18:30ean Aretxabaletak eta Mondrak.

Jose Luis Agirreren oroimenezkoa
Oñatikoek ere hitzordu propioa izango dute, Jose Luis Agirreren lehen oroimenezkoa egingo dutelako bihar, 17:00etan, Azkoagainen. Aloñak Gasteizko Aurrera taldearen kontra jokatuko du eta partidua erabiliko dute Aloñaren aurkezpen ofiziala egiteko. Hala, Asteleheneko Goiena-n talde guztietako jokalariak aurkeztuko dizkizuegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak