Foru Aldundiak uste baino 101 milioi gutxiagoko aurrekontua izango du

Leire Kortabarria 2011ko abuztuaren 31

Foru Aldundiak uste baino aurrekontu txikiagoa izango du datorren ekitaldirako: 101 milioi gutxiago, alegia. Arduradunek esan dute aurreko gobernuak (EAJ eta Hamaikabat) kalkulatu baino 66 milioi gutxiago batu dituela, eta gastuak uste baino 35 milioi handiagoak direla. Horren guztiaren berri eman du Ogasun diputatu Helena Francok gaur.

Diru murrizketa horren ondorioz, inbertsio batzuk bertan behera utzi ditu Aldundiak.

Francok eta Bide Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek esan dute Foru Aldundiaren diru-egoera eurek uste zuten baino "txarragoa" dela, eta aurreko foru gobernuak "arduragabekeriaz" kudeatu izanari egotzi diote, neurri baten. Hala ere, "alarmismorik ez" dutela piztu nahi gaineratu dute.

%7 gehiago batzea aurreikusten zen

Francok esan du aurreko foru gobernuak kalkulatu zuela iaz baino %7 gehiago batuko zuela Ogasunak, eta hori, Francoren iritziz, "ez" zen oso "errealista". Azaldu duenez, Ogasuneko teknikariek %4ko datua eman zuten, baina "arduradun politikoek %7ko datuaren alde" egin zutela.

 Ogasun diputatuak esan duenez, aurrekontuan agertzen ez ziren 35 milioiko gastu batzuk daude, eta horiek "nahi eta nahi ez" egin behar dira eta "ezin dira atzeratu". Horri gehitu behar zaie aurten uste baino 66 milioi gutxiago batu direla zergetan.

"Kontuan hartuta Foru Aldundiak kudeaketarako 887 milioiko aurrekontua duela, eta horietatik 628 zuzenean zerga-bilketatik datozela, ondoriozta dezakegu aurrekontua %11 inguru okertuta dagoela", esan du Helena Francok.

Olano: "Irakurketa irreala da"

Erantzuna segituan etorri da, izan ere, diputatu nagusi ohi Markel Olanok eta Ogasun diputatu ohi Pello Gonzalezek aurpegiratu diete "irakurketa irreala" egin izana foru diru-kutxaren egoeraz, eta hori, euren iritziz, "arduragabea eta larria" da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak