Datozen bi urteetan, aldi baterako kontratuak segidan egin ahal izango dituzte enpresek, eta ez dute langilea finko egiteko obligaziorik izango aldi baterako 24 hilabete egin dituenean.
Bestalde, 2013 bukatu arte, enpresek formakuntza erregimenean kontratatu ahal izango dituzte 30 urtera arteko gazteak. Orain arte, muga-adina 25 urte zen. Horrela bada, kualifikazio profesional bako –bigarren hezkuntzako titulu bakoak edo bigarren hezkuntzako tituludunak izanda, unibertsitate mailako edo lanbide hezkuntzako titulu bakoak- 30 urtera arteko langabeek enplegu bat izan ahalko dute eta zertifikatu bat lortu.Lanaldiaren laurdena, gutxienez, formakuntzari eskaini beharko zaio.
Espainiako Lan ministro Valeriano Gomezek esan du neurri horiek beharrezkoak direla, "lehentasuna" delako "enplegua sortzea, batez ere gazteendako". Hego Euskal Herrian eta Espainian, 25 urtetik beherako gazteen %46,12 langabeak dira.
Sindikatuak, aurka
Espainiako sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk, kritikatu egin dute formazio kontratu berria, eta esan dute uko egiten zaiola aldi baterako lanaldien aurka egiteari. Aldiz, ondo baloratu dute 400 euroko dirulaguntza luzatzea.