Irailean hegoko haizea sartuko da eta egunen baten edo beste euria botako duen arren, ez dut uste hilabete euritsua izango denik; kontuz baina, San Migel jaien bueltan izango den ilargi berriarekin; elurra ez da urruti ibiliko!".
'Urriko ilberria, elurra Aizkorrin'
Urriko ilberria, elurra Aizkorrin esaera aipatu du Zabalak iraileko eguraldiaz galdetuta, ez omen da frantziskotarraren esanetan elurra urruti ibiliko eta hori horrela bada, hurrengo zortzi hilabetetan elurra uste baino sarriago egitea ekarriko lukeela gaineratu du; ez du, baina, gehiago zehaztu gura izan udazkeneko tenporen aurretik. Irailean hegoak gidatuko omen duela-eta, zaparradak izango direla dio, fronterik aurreikusten ez duela gaineratuz.
Abuztuaren 20a eta 21a beroenak
Orain artean udak eman duenaren irakurketa orokorra eginda, datu zehatzagoak eskatuta, beti ere Arantzazun batutakoen arabera, Zabalak dio, abuztuaren 20a eta 21a izan zirela egunik beroenak, 30 eta 29 gradu, hurrenez hurren.
Euriari dagokionez, egun dezentetan lanbro antzean busti badu ere, litrotan gutxi batu dela: uztailaren 12ko trumoiak Arantzazun utzitako 26 litroak ekarri ditu gogora. Behe-lainoaren presentzia etengabea izan dela ere azpimarratu du, itsasotik datorren Mendebalari egotzi dio, beste behin, horren ardura.
Besoan min hartuta badago ere, ohiko umorearekin, gustura jardun du Pello Zabalak eguraldia aitzakia hartuta, Goienarekin berbetan; jarraian duzue solasaldi osoa entzungai.