Etxekoek eroan dute Bergara Hiria torneoa

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abu. 29a, 09:47

Bergarak eroan du Bergara Hiria udako futbol torneoa. Asteburuan jokatu dute, Agorrosinen, ibarreko lau futbol talde nagusiek, Mondrak, UDAk, Aloña Mendik eta Bergarak. Mahoiek eroan dute aurre-denboraldiko Debagoieneko lehenengo txapelketa.

Atzo, domeka, jokatu zen finalean, Bergara eta Aloña Mendi aritu ziren nor baino nor gehiago. Bergararrak nagusitu ziren 3 eta 2. Baltzategik, Arazkonagak eta Matxok sartu zituzten bergararren golak. Gainera, Bergarako Aitor Oregi izendatu zuten txapelketako jokalaririk onena.

Bezperan, Aloña eta UDAren arteko lehia penaltietan erabaki zen, arauzko 90 minutuak jokatu ostean bana amaitu zuten-eta. Oñatiarrek bost penalti sartu zituzten eta aretxabaletarrek, berriz, 3.

Eta, egubakoitzean, txapelketako lehen partiduan, Bergarak hartu zuen mendean Mondra, baina hemen ere penalti jaurtiketetan. Bina amaitu zuten partidua. Aurre-denboraldiko ohikoa, kalitate gutxikoa. Bergararren golak Matxok eta Crespok sartu zituzten. Penaltietan, 4 sartu zituzten bergararrek eta 3 arrasatearrek.

Arrasaten eta Oñatin, asteburuan

Bergara Hiriaren ondoren, zapatuan, irailak 3, jokatuko dute Arrasate Hiria torneoa eta Oñatin egingo duten Jose Luis Agirreren oroimenezkoa. Arrasate Hiria hiruko torneoa izango da, eta Bergara eta UDA daude gonbidatuta Mojategin jokatzera.

Aloña Mendi ez da txapelketa horretan egongo, hitzordu propioa dutelako. Izan ere, Andoni Azkargortaren mutilek Gasteizko Aurrerakoen kontra jokatuko dute lagunartekoa, eta hitzorduak balioko du Aloña Mendik aurtengo denboraldiaren aurkezpen ofiziala egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak