Markel Irizar irailaren 10ean ikusiko dugu ibarreko errepideetan, Vueltan

Sergio Azkarate Beitia 2011ko abuztuaren 26a

Espainiako Vueltako 7. etapa jokatuko da gaur, egubakoitza, baina, irailaren 10ean, zapatuan, Bilbo eta Gasteiz arteko etapa jokatuko da (185 kilometro), eta Debagoienean zehar ere ibiliko dira ziklistak. Gure ordezkari bakarra, Markel Irizar, bertatik bertara ikusteko aukera izango da.

Irizarrek Machado portugaldarra du gelakide, eta elkarrizketatxo dibertigarri hau egin zieten Teledeporten.

Irizar dagoeneko protagonista izan da, 3. etapan, Petrer eta Totana artean. Ihes eginda ibili zen Lastras –irabazlea–, Frantziako txapeldun Chavanel eta Pydgornyyrekin batera. Hirugarren izan zen helmugan oñatiarra.

Irailaren 10eko etapari dagokionez, Bilbotik Eibarrera joango dira. Handik Karabieta igoko dute, eta Elgetatik pasatu ostean Bergararantz joko dute, Uberatik. Lehen mailako Elosua mendatea igoko dute, eta, Zumarragatik pasatu ostean, 93. kilometroan Deskarga igo beharko dute. Handik Antzuolara jaitsiko dira eta gero Kanpanzarko mendatea igoko dute, Epeletik. Helmuga, esan bezala, Gasteizen izango da, baina aurretik lehen mailako Urkiolako mendatearen malda gogorrei egin beharko diete aurre ziklistek.

(Argazkia: Sirotti)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak