Xabier Lete gogoan Arantzazun eta Luis Dalda organo-jolea Aramaion

Edu Mendibil 2011ko abuztuaren 10a

Bi musika hitzordu aipagarri izango ditugu ibarrean abuztuaren 11n eta 12an: batetik, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, 'Xabier Leteren oroimenez' izenburuko emanaldia izango da Arantzazun eguenean, 19:00etan. Eskaera ikusita, beste 300 sarrera aterako dituzte salmentara bihar Arantzazun. Aramaion bestalde, Luis Dalda organo-joleak emanaldia egingo du Ibarrako San Martin elizan, egubakoitzean. Arabako XXVI. Organo Jaialdiaren barruan kokatzen da Aramaioko kontzertua.

Luis Dalda Madrilen jaioa da eta Monserrat Torrentekin ikasi zuen organoa. Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioan Organo Irakasle Gorenaren titulua eskuratu zuen karrera amaierako sari bereziarekin. Ondoren, hobekuntza eta espezializazio ikastaroak egin zituen, besteak beste, Guy Bovet, Hubert Meister eta Michael Radulescurekin. Han eta hemen eman ditu kontzertuak eta RNEko Radio Clasica irrati katean Órganos historicos irratsaioaren arduraduna da. Era berean, Salamancako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendaria eta organoko katedraduna da gaur egun. Esan bezala, egubakoitzean, hilaren 12an, Aramaioko San Martin elizan izango da. Emanaldia 19:00etan hasiko da.

Xabier Lete gogoan Arantzazun: sarrerak salgai bihar

Bestalde, Xabier Leteren oroimenez emanaldia izango da bihar, eguena, Arantzazun. Kontzertuak ikusmin handia piztu du eta hori dela eta, bihar bertan sarrerak erosteko aukera izango da Arantzazun bertan, 17:15etik aurrera. Sarrerak agortuta zeuden eta beste 300 jarriko dituzte salgai ostegunean Arantzazun. 15 eta 5 eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerak. 5 euroko sarrerak ez dira leku oso onekoak, eszenatokia apenas ikusten dela aurreratu baitute antolatzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak