Langabeziak behera egin du uztailean

Edu Mendibil 2011ko abuztuaren 2a

Euskal Autonomi Erkidegoan erregistratutako langabeziak behera egin du uztailean, 4.317 langabetu gutxiagorekin. Portzentajeari erreparatuz, murrizketa %3koa izan da, eta horren ondorioz 140.097 lagun dira egun enplegu bila dabiltzanak. Debagoienean %9,24ko langabezia izan dugu, urteko portzentajerik onena hain zuzen. 2.865 langabe zenbatu dituzte aurreko hilean gure ibarrean.

Ekainean %9,63ko langabezia genuen ibarrean eta uztailean zertxobait egin du behera, %9,24an kokatu arte, urteko portzentajerik onena. Portzentajeka, Arrasatek du langabeziarik handiena, %10,38. 1.201 langabe dira gaur egun. Bergarak %10,20koa dauka, 732 langaberekein eta ondoren Elgeta dator, %9,55ko langabeziarekin: 47 lagun dira Elgetan langabe uztailean, Jaurlaritzaren datuen arabera. Antzuolan 79 langabe zenbatu dituzte eta Leintz-Gatzagan hiru baino ez.

Ibarreko herri handienei dagokienez, daturik positiboenak, Oñatik dauzka; ehuneko 6,40ko langabezia eta 346 langabe. Aretxabaletan ehuneko 8,37koa da langabezia azken hilabetean, Antzuolan 8,68koa eta Eskoriatzan 8,99koa.

Denera, 2.865 langabe dira uztailean Debagoienean. Esan bezala, urteko daturik positiboenak dira amaitu berri den hilekoak.

Bizkaian ondoen

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian langabeziak izandako jaitsiera Espainiako batez bestekoa baino 2 puntu handiagoa da; izan ere, han %1,02 jaitsi baita. Lurraldeen arabera, jaitsiera handiena Bizkaian izan da; langabeziaren murrizketa %3,2koa izan da han. Gipuzkoan 1.302 langabetu gutxiago daude (%3,1eko jaitsiera); Gipuzkoan 40.172 langabetu dira gaur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak