Joxan Izaren 'Kalegrafietanzehar' erakusketa, Patxi Hipolitoren omenez

Edu Mendibil 2011ko uzt. 28a, 14:30

Joxan Izak (Bergara, 1961) erakusketa inauguratuko du bihar, egubakoitza, Donostiako Arteko galerian (Iparragirre, 4). 'Kalegrafietanzehar' izenburupean, 1980ko hamarkadako eskultura-robotak eta azken urteotako margolanak erakutsiko ditu. Erakusketa honekin, bere lagun Patxi Hipolito zena omendu nahi izan du artista bergararrak.

Joxan Izak ibilbide luzea darama arte munduan: Arte Ederrak ikasitakoa da eta hainbat urte eman zituen Parisen, 1980ko hamarkadaren hasieran. Bergaran jaioa, Oñatin bizi da aspaldi. Donostiako erakusketan, esan bezala, bere lehenbiziko etapako robotak erakutsiko ditu: Metamakinak I eta II (1984), La fuga (1985) edota Ceci n´est pas une pipe (1985). Berriagoak ere badira, hain zuen ere Hipolitoak izenburupean bildu dituenak: Troyako (1993), Eros (1997) eta Donostiñe (1997) esaterako.

Esan bezala, bere lagun Patxi Hipolito zenari omenaldia egin nahi izan dio Joxan Izak. Hainbat urte egin zituen Oñatiko Gaztelekuan lanean Patxi Hipolito donostiarrak. Joan den azaroan hil zen.

Koadroei dagokienez, paisaia urbanoak eta bestelako lanak margotu ditu artista bergararrak. Koadroetako bat ere Hipolitoren omenez egindako da, Patxi Hipolito ibilbidea izenburukoa hain justu. Paisaia urbanoez gain, natura izan du Izak inspirazio iturri, koloretan (Lorelandia) zein zuri-beltzean (Museo de fósiles y plantas).

2008an ere erakusketa jarri zuen Arteko galerian. Oraingo hau irailaren 10era arte izango da zabalik, martitzenetik zapatura, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era. Inaugurazioa bihar, egubakoitza, egingo dute, 20:00etan. Edorta Kortadi idatzi du katalagoko hitzaurrea, Joxan Iza: iluntasunak, hiria eta bertako bizilagunen gainean izenburupean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak