Badator Kantariren hirugarren edizioa. Aurtengo ikuskizunean Debagoieneko 8 eta 12 urte bitarteko 839 gaztetxok hartuko dute parte, guztira, 198 taldek.
Parte hartzaileek euskal kantuak abestu eta dantzatu beharko dituzte bailarako areto desberdinetan; Arrasateko Amaia Antzokian, Bergarako Zabalotegin, Oñatiko Gaztelekuan eta Aretxabaletako Arkupen.
Letra ikastea, oso garrantzitsua
Baina ikuskizun egunaren aurretik gaztetxoek badute zer prestatu eta zer ikasi Kantarirako. Zozketa bitartez banatu zitzaien kantuen letra ikasi beharko dute, lehenengo; Kantari karaoke bat denez, gaztetxoek jarri beharko dietelako ahotsa kantuei.
Dantza bideoak gertatzen
Eta bestalde, kantu horren dantza ere entseatu eta ikasi beharko dute. Gogoratu, aurten gaztetxoek ez dutela dantza irakasleekin entsegurik egingo, baina koreografiak prestatuta izango dituzte bideo batzuen bitartez eta bertatik ikasi beharko dituzte dantzak. Irakasle lanetan Maite Albes eta Amaia Txintxurreta ibili dira Aretxabaleta eta Oñatiko beste dantzari batzuekin batera eta dagoeneko amaitu dituzte bideo horien grabazioak.
Antolatzaileak orain bideo horiek sarera igotzen ari dira, bi helbidetan aurkitu ahal izango dituzue koreografiak; Zugazen eta baita YouTuben ere.
Bideoen loturak, mailez
Dagoeneko antolatzaileak hasi dira talde bakoitzeko arduradunari mail bitartez bideo horien loturak bidaltzen, eta jakin, oraindik mezu hori ez baduzue jaso, gaur eta bihar bitartean iritsiko zaizuela.
Debagoieneko gaztetxoek, beraz, udazkenean herriz herri grabatuko diren ikuskizunen aurretik badute egin beharreko lana: kantuen letrak eta koreografiak ondo-ondo ikasi beharko dituzte. Animo guztioi!