Xabi Solano: "Ondo kokatuz gero, trikitia edozein estilorekin ezkon daiteke"

Txomin Madina Milikua 2011ko abu. 27a, 02:00

Ereñotzutarra Etzakiten ezagutu genuen eta ordutik ez da geratu: The Solanos, Fermin Muguruzaren taldean, Esne Beltza... Kontzertuz kontzertu, ez da geldirik egongo udan.

1. Gogoratzen trikiti bat hartu zenuen lehen aldia?
Bederatzi urterekin izan zen; aitak soinu bat ekarri zidan etxera. Nik ez nekien zer zen, soinean jarri nuen eta asko gustatu zitzaidan. Hartu orduko Pintto Pintto jotzen hasi nintzen.

2. Hamabost urterekin lehenengo maketa, hamazazpirekin lehen diskoa. Musikan sartzeko presa?
Horrela suertatu zen. Grabazio estudio baten sartu nintzen lehen aldian urte asko neramatzan trikiti munduan eta dena berria iruditu zitzaidan, erokeria hutsa.

3. Reggaea, soula, ska... Trikitia edozein estilorekin ezkon daiteke?
Bai; niretzako, gitarra, bateria edo tronpeta bezalako instrumentu bat da. Hori bai, den estiloa dela, ondo kokatu behar da.

4. Atzerrian jotzean, non izan dute harrera onena trikiti doinuek?
Leku guztietan: Japonian, Alemanian, Italian, Argentinan...Sekulakoa da nolako harrera egiten dioten; harrituta geratzen dira halako instrumentu txiki batek duen bizitasun eta martxarekin, baita euskaldunok hori jotzeko dugun jarrerarekin ere.

5. Esne Beltzan bederatzi kide zarete. Logistika aldetik ez da erronka makala izango!
Badu bere zailtasuna. Ez gara taldetik bizi eta lehentasuna lanak du. Libre gaudenean hasten gara jotzen.

6. Irakurri dugunez, bidaiatzen jarraitzeko diskoa omen da Noa, zuen azken lana.
Niretzat ez da hori, bidaia bat baizik. Askotariko estiloek, hizkuntzek, bidaiatzen laguntzen dizute; esango nuke gure bidaien emaitza dela, haietan ikasi duguna.

7. Hainbat aldarrikapenen alde jo eta konposatu duzue. Ze indar du musikak gauzak aldatzeko?
Aldatzeko baino gehiago, jendea kontzientziatzeko arma ikaragarria da. Bestela heldu ezinezko lekuetara heldu ahal zara musikarekin; horretaz baliatu behar dugu Euskal Herrian. 

8. Zertan aurkituko zaitugu kontzertu aurreko ordu erdian?
Azkenaldian, reggaea dantzatzen duenarekin beroketak egiten, gerritik nahiko gaizki nabil-eta. Gogorrak dira kontzertuak, ia bi ordu dena ematen; baina gustuko gauza da eta konturatu gabe pasatzen dira.

9. Kontzertu bat emateko herri bat aukeratu beharko bazenu?
Asko daude; Amoroto asko gustatzen zait, baita Aulesti ere. Iaz han kontzertu bat suspenditu zen euriagatik, eta gaztexean jo genuen soinuak, panderoak, tronpetak eta tronboiak. Kristorena izan zen!

10. Eta jairako?
Nola ez, Hernaniko jaiak, eta baita Bilbokoak ere. Etzakiten garaitik urtero joan gara, eta oso ondo pasatu izan ohi dugu.

-------------------------

Lehendakaria banintz: "Oraintxe bertan bilera berezi bat egingo nuke Azkuna jaunarekin Kukutza [Bilboko Errekalde auzoko gaztexea] libre eta bakean uzteko. Uste dut Kukutza, gaztetxe guztiak, etxe okupatuak oso garrantzizkoak direla kultura eta gizarte mailan aberasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak