Dorletako Ama pilota txapelketako azken finalistak erabakiko dira domeka goizean Gatzagan, 10:00etan hasita. Hala, domekako hitzorduarekin amaituko dute txapelketako lehen fasea, kanporaketena. Eta, abuztuan atseden hartu ostean iraileko bigarren asteburuan jokatuko dituzte esperotako finalak: "Irailaren 9an, egubakoitzean, gaztetxoenen txanda izango da, aurre-benjamin kategoriatik hasi eta kadetetarainokoek jokatuko dute. Eta, domekan gazte mailakoetatik hasi eta beteranoetara artekoek jokatuko dute", adierazi du txapelketaren antolatzaile Mauri Zubillagak.
Espero ez zuen arrakasta
Dorletako Amako txapelketak izugarri girotu ditu Leintz Gatzagako domeka goizak: "Ez nuen uste horrenbeste jende animatuko zenik pilotan jokatzera. Pentsa, beteranoen mailan hamalau bikotek eman dute izena eta dagoeneko Bergarako eta Oñatiko jendea hasi zait deika, hurrengo edizioa noiz antolatuko dugun galdetzen".
Bada, Zubillagak ez du zalantzarik, Dorletako Amako txapelketak izango ditu edizio gehiago: "Helburua Gatzagako herrian giro apur bat jartzea zen, eta horrekin batera pilotariei jokatzen jarraitzeko hitzordu bat jartzea, beteranoendako, esaterako. Baina, garbi daukat irailetik martxora arte ez dudala txapelketarik egingo, ez bada hilean partiduren bat edo beste. Hori bai, martxoko lehen domekatik uztailera arte partiduak antolatuko ditugu Gatzagan".
Oñatin, bihar finalak jokoan
Bestalde, Plazako txapelketako finalak ere domekan izango dira, 11:30ean hasita. Eguraldi onarekin plazako frontoian izango dira, txarrarekin kiroldegian. Kadeteetan Altuna anaia hernaniarrak izango dira Intxausti eta Imazen kontrario, eta gazteetan Lujanbio eta Gurutzalde Calvo eta Garciarenak.
Azken finalerdiek eman zutena, hemen.