Bizkaiko Denokinn berrikuntza zentroak lagunduta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako diru-fondoekin babestuta, guztiz doako zerbitzua eskaintzen diete bizitzako azken 100 egunetan dauden pazienteei eta haien zaintzaileei. Horretarako, Naomi Hasson erizain eta Saiaturen koordinatzaileak esaten digunez, "beti pazientearen lehen arretako medikuarekin elkarlanean gabiltza, eta, kasuan kasu, pazientearen etxeko ospitaleratze, gizarte laguntza… zerbitzuekin".
Naomi Hasson-ek aspalditik zuen Euskal Herrian zaintza paliatiboen inguruko kezka: "Osasun zerbitzuak, lehen arreta… oso ondo daude, jende bikaina dabil lanean, baina ikusten nuen oraindik gehiago egin zitekeela, batez ere etxean egon nahi duten pazienteendako". Horregatik, Saiaturen zerbitzua pertsona horiei zuzenduta dago: 100 bat eguneko bizitza-epea duten gaixo sendaezinei, eta egun horiek etxean bizi nahi dituztenak.
Oñatiko anbulatorioan bilerak
Baliabide material gutxirekin baina borondate eta ilusio handiarekin, Gipuzkoa osoan alde batetik bestera ibiltzen dira Naomi Hasson, Judit Badiola, Antxone Perez, Josune Artetxe, Izaskun Lasagabaster eta Olatz Romero: mediku bat, bi erizain, bi erizain-laguntzaile eta gizarte langile bat. Babes berezia jasotzen dute Oñatiko anbulatoriotik –egoitzarik ez dute, eta anbulatorioan batzartzen dira– eta, batez ere, hango Jesus Millás medikuarengandik, eta baita Bizkaiko San Juan de Dios ospitaleko Julio Gomez medikuarengandik ere. Talde gaztea da: otsail hasieran ekin zioten.
Lantalde hori ekintzailetasuna eta auto-enplegua bultzatzeko ekimen batetik sortu da. Hasson-ek hauxe dio: "Sekulako emakumeak dira; zorte handia izan dut eurak topatzean. Sentsibilitate berezia dute eta benetan egin nahi dute lan bizitzaren bukaeran dauden pazienteekin; izan ere, lan hau ez da denondako". Eta hauxe gaineratzen du: "Pribilegiatuak gara, familiek etxeko ateak ireki dizkigutelako eta euren bizitzaren zati izaten utzi digutelako".
Orain arte, 34 gaixo atenditu dituzte; horietatik 20 hil dira, eta 18 etxean hil ziren, eurek hala aukeratuta.
Familiek agintzen dute
Zaintza paliatiboek pazientearen eta bere familiaren ongizatea ikuspuntu guztietatik hartzen dute, eta bereziki ongizate psikologiko, espiritual eta emozionalaz arduratzen dira. Familia batek deitzen dienean, eurekin batzen dira, balorazio bat egiten dute, eta familiek azaltzen diete zer behar duten: "Eurek esaten dute beti ze premia dituzten, eta gu horretara moldatzen gara", esaten du Saiatuk.
Bestalde, Naomi Hasson-ek azpimarratzen du ez dutela beste inoren lekua hartu nahi; bere ustez, eurek ase ditzaketen premiak ere badaude: "Laster hilko diren pazienteek min fisiko bat dute, jakina, eta hori bere medikuek leundu diezaiokete. Baina gero, min espirituala, emozionala eta soziala dago. Gaixoak ezin du hainbeste irten, eta bere zirkulu soziala txikitzen doan neurrian, bakarrik sentitzen da. Bada, gu hor egon gaitezke; adibidez, pertsona horrek kartetan jokatzeko ohitura badauka, horretara eroan dezakegu. Gero, irten ezin duten gaixoekin, etxean egoten gara, euren ondoan, zaintzaileak lanera joaten direnean bakarrik ez daitezen geratu".
Minbizia duten gaixoekin, berezia da: "Eurekin, ez dago gai sozialetarako astirik. Gaixoari alta ematen diotenean eta etxera ailegatzen denean, familia laguntza sozialak tramitatzen hasten da; baina horiek ailegatu bitartean, denbora epe bat zabaltzen da, eta epe horretan egin dezakegu gure benetako ekarpena. Epe hori oso garrantzitsua da, izan ere, familia bakarrik dago bitarte horretan. Sarritan, laguntza sozialak ailegatzen dira pazientea hil eta gero".
Larritasuna arindu
Euren beste eginbehar handi bat gaixoaren eta familiaren larritasuna arintzen laguntzea da: "Gaixoa etxera etortzen denean, larritasun momentu asko daude. Batzuetan, pertsona hilzorian dagoen beldur dira eta ospitalera eramaten dute. Batzuetan, beharrezkoa da, baina beste batzuetan, ez. Bada, familiek badakite guri deitu diezaguketela. Guk lasaitzen lagunduko diegu eta zer egin orientatuko ditugu". Hasson-ek azpimarratzen duenez, "betiere, pazientearen nahia errespetatzen da; ospitalera joan nahi badu, aurrera".
Naomi Hasson | Saiatu zaintza paliatibo taldeko kidea
"Disfrutatu dezatela euren senideaz: oraindik gauza eder asko egin ditzake"
Erizaina eta Saiatuko koordinatzailea da Naomi Hasson.
Zergatik egin duzu proiektu hau?
14 urtean bizi naiz hemen, eta hutsunea ikusten nuen etxeko zaintza paliatiboetan. Plan pilotua martxan jarri genuen egiaztatzeko ea horrela zen, eta uste horiek konfirmatu ditu: oso mediku eta zerbitzu onak daude, baina 24 ordu dira, eta oraindik badaude bakarrik edo larri sentitzen diren familiak. Batez ere, hor egiten dugu lan: badakite edozein ordutan dei diezaguketela. Egoera asko telefonoz konpontzen dira, baina gure beharra dagoenean etxeetara joaten gara. Pertsona hil aurretiko 72 orduetan ere laguntasuna eskaintzen dugu, ordu horiek oso gogorrak izaten direlako. Pertsona hil eta geroko uneetan ere, familiari laguntzeko prest gaude.
Pazienteek ere deitzen dizuete.
Pazienteek ere hitz egiteko beharra izaten dute. Askotan, ez diote familiari eurek sentitzen dutena kontatu nahi, haiek ez sufriarazteko, eta gurekin hitz egin dezakete, gu entzuteko gertu gaude. Beste askotan, eurekin egoten gara etxean, euren zaintza pertsonalarekin eta irteerekin laguntzen diegu… Oso garrantzitsua da entzuteko gertu dagoen norbait ondoan edukitzea.
100 egun horiek oso gogorrak izango dira gaixoendako eta familiarendako…
Bai; baina, askotan, familia hain murgilduta dagoenez bere galera sentimenduan, ahaztu egiten dira pertsona hori oraindik hemen dagoela, eta bizitza handia duela, gauza asko egin ditzakeela. Oraindik ondo dauden gaixoen familiei esaten diet pertsona horretaz disfrutatzeko. Galdetu diezaiotela zer egin nahi duen, eta hori antolatzen edo egiten ahalegindu: familia bazkari bat dela, nonbaitera joatea dela…Disfrutatu dezatela.