Mondragon Unibertsitateak Euskal Encounterreko partaideek diseinatutako sakelako gailurik onena sarituko du

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 22a

Microsoften 250GB-ko Xbox 360S joko-kontsola eta gailua egiteko erabilitako plaka emango du sari modura. Euskal Encounterrek 6.000 lagun inguru bilduko ditu gaur hasi eta astelehena bitartean BECen.

"Bideojokoak eta informatika maitatzeaz gain, gai al zara zeure sakelako gailua –telefono mugikorrak, urrutiko aginteak, iPod, PDA, kalkulagailuak, erlojuak, etab- egiteko plaka berezi batetik abiatuta?". Amu horrekin, lehiaketa antolatu du MUk, Euskal Encounterreko partaideen artean.

Unibertsitateak erakustokia izango du Euskal Encounterren aurtengo ekinaldian, non sistema txertatuen aplikazioak emango dituen ezagutzera.

Lehiaketan norbere "gadget partikularra" sortu beharko dute partaideek. Horretarako, parte hartu nahi dutenek Euskal Encounterren izena eman beharko dute honako helbidean.

Zapatuan, hilaren 23an, eguerdiko 12:00etan banatuko dira plakak izena eman dutenen artean. Era berean, sistema txertatuen kontzeptu orokorrei eta programazioari buruzko tailerra  eskainiko da. Lanak astelehenean aurkeztu beharko dira, 13:00ak baino lehen. Epaimahaiak astelehenean bertan emango du jakitera irabazlearen izena, arratsaldeko 16:30ean.

Lehiaketan parte hartzeko izena emango dutenek C edo C++ lengoaietan programak garatzeko ezagutza nahikoa izan beharko dute; eklipse plataformetan eskarmentua izatea ere lagungarri izango zaie. 

Erakustokia eta tailerra

Era berean, Mondragon Unibertsitateak erakustokia izango du, eta bertan, Unibertsitateari buruzko eta abian dituen ingeniaritzako graduen eta Sistema Txertatuen Masterraren inguruko informazioa eskainiko du. Sistema txertatuak sistema informatikoen motorrak dira. Gainera, standean proiekzioak izango dira ikusgai, sistema txertatuen funtzionamenduari buruzko hainbat adibide erakutsiko dituzte eta automobil txiki, arin, telegidatu edo filogidatu baten prototipoa ere ikusi ahal izango dute bisitariek, goitik behera Unibertsitateko ikasleek egin dutena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak