Mugikorrak dira telefonoa, erabiltzaileak… baina tarifak ez

Leire Kortabarria 2011ko abuztuaren 15a

Erakunde publikoek beste pauso bat eman dute poltsikoko telefoniaren sektorea erregulatzeko: uztail erdialdean jakinarazi zuen Espainiako Telekomunikazioen Merkatu Batzordeak 2012ko ekainetik aurrera telefono operadorez aldatzea lanegun baten buruan egin beharko dela; hau da, telefono operadore batetik bestera aldatu ahal izango da norbera, zenbakiari eutsiz. Orain, hainbat egun hartzen ditu tramite horrek. Bitartean, bezeroa galdu behar duen operadoreak eskaintzekin bonbardatzen du hura, geratzeko tentatu guran. Horrela, bezeroak negoziatzeko parada dauka.

Negoziatzeko eta norbere operadorearen aldetik baldintza hobeak lortzeko aukera asko murriztuko denez, batzuek diote arau berriarekin galtzen irteten dela kontsumitzailea. Movistar eta Vodafone ere epe berriaren aurka agertu dira.

Baina, oro har, albiste ontzat hartu da erabiltzaileen aldetik, ustez enpresek euren zerbitzu eskaintza eta bezeroari arreta hobetu egin beharko dutela urte osorako, bezeroak galdu ditzaketelako. Iaz, Hego Euskal Herrian eta Espainian, 4,8 milioi operadore aldaketa izan ziren.

Debagoieneko telefonia komertzioendako, eguneroko kontua da hori. Eurendako, gaur egun dagoen astebete inguruko epea egokia da, izan ere, beste operadore batetik datorren bezeroak eskatu duen telefonoa ekartzeko tartea ematen die.

Horrek beste aldea ere badu: "Aurrekontua prestatzen diogu gure tarifekin, tramiteak egiten dizkiogu eta telefono berria erreserbatuta izaten diogu dendan, bost egunean. Gero, askok atzera egiten dute, bere operadorearen kontra-eskaintza onartzen dutelako", esaten du Orange-eko komertzio bateko Jaione Blazquez arduradunak. Horregatik, "azkenean psikologia garatzen dugu, eta igartzen dugu zein datorren benetan operadorez aldatzera eta zein kontra-eskaintzaren bila. Azken horiei eskatzen diegu tramiteak Internetez egin ditzaten", gaineratzen du.

Smartphone bila

Blazquezen esanetan, hiru bezero multzo daude: "Batzuek, gazteenek, gehienetan, smartphone-ak eskatzen dituzte; pertsona nagusiek, zenbaki handidunak, tapadunak eta erabilerrazak; eta aurreztu nahi dutenek tarifari begiratzen diote batik bat".

Bergarako Movistar Irimo dendako arduradunek dioskutenez, lehenengo multzokoak asko dira: "Gehienbat, jendeak mugikor modernoak nahi izaten ditu. Tarifei gutxiago erreparatzen dietela esango nuke". Bestalde, portabilitatearen fenomenoa "orain gutxiago" igartzen dutela esan digute.
Europako Batasunaren txosten batek esaten du Hego Euskal Herria eta Espainia direla Europan mugikorra Internetera konektatzeko gehien erabiltzen den herrialdeetako bat, baina Irimoko arduradunek uste dute "hainbeste" ez dela Internetera sarrera bilatzen: "Baina hori ere etorriko da, gero eta gehiago".

Portabilitatea hobekuntzak lortzeko erabiltzen du jende askok. Andoni Garai arrasatearrak, adibidez, bere lehenengo smartphonea, marka ezagun batena, horrela lortu zuen: "Operadore berriak telefono moderno bat, baina ez hain ona eskaintzen zidan. Segituan, nire operadoreak kontra-eskaintza bat egiteko deitu zidan, eta lortu nuen nahi nuen telefonoa eta, bide batez, tarifa hobea".

Dena dela, baldintzak ez dira berberak norbanakoendako eta enpresendako. Autonomoek baldintza bereziki onak izaten dituzte, Arrasateko Josu Herrartek esaten digun moduan: "Autonomo gisa nenbilenean, hilean 40 dei kobratzen zizkidaten: hilean 18 euro gehi BEZa kobratzen zidaten. Nik dakidala, horrelako tarifak ez daude norbanakoendako". Berak esaten digunez, "operadorez aldatzea erabaki nuenean, segituan kontra-eskaintzak etorri zitzaizkidan, eta oraindik gaur egun ere, tarteka, deiak jasotzen ditut operadoreengandik".

Erdi-monopolioa

Badirudi erabileragatik ordaindu beharrekoa ez dela lehentasuna, eta portabilitatea telefono berriagoak ohi baino prezio hobean lortzeko erabiltzen dutela askok; eta hori, kontuan hartuta Hego Euskal Herrian eta Espainian ditugula Europako tarifa garestienak. Adituek azpimarratzen dutenez, poltsikoko telefonia merkatuaren ezaugarriak, historikoki, konpetentzia txikia eta tarifa handiak dira Hego Euskal Herrian eta Espainian.

Egoerak hobera egin du 2006ko bukaeran operadore birtualak –sare propiorik ez, eta sarea badaukaten lau operadoreetako baten sarea errentan hartzen dutenak– merkatura sartu zirenetik, horrek behartu baititu betiko operadoreak lehia baten sartzera. Movistar, Vodafone eta Orange ziren ordura arteko operadoreak; gero, Yoigo sartu zen, hori ere bere sarearekin. Gipuzkoako Kontsumitzaileen Batasuneko Jose Manuel Urkidiren esanetan, alde ona baduten arren, txarra ere badute: "Operadore horiek birtualak dira, eta jende askok, batik bat adinekoek, gurago dute bulego batera joan eta aurrez aurre duten norbaitekin berba egin". Izan ere, operadore birtualekiko harremana Internet edo telefono bidez da.

Operadore birtual horietako bat Eroski Movil da. 2007tik merkatuan badago ere, joan den astean ireki zuen on-line denda (www.compraonline.grupoeroski.com), eta han eros daiteke nahi den produktua, edo norbere telefono zenbakia Eroski Movilera aldatu.

Hiru enpresa handi

Merkatuaren gehiengoa hiru operadore handienen artean banatzen dute: linea gehienak (%41,46) Movistarrenak dira; bigarrena Vodafone da (%29,07), eta hirugarrena, Orange (%20,22). Distantzia handira daude Yoigo (lineen %4,33), eta operadore birtualak (%4,92). Edozein modutan, 2008an gehien hazi zirenak Yoigo (7.600 lineatik 15.243ra), eta operadore birtualak (9.629 lineatik 15.515era) izan ziren.

Lehiatzaile gehiago dauden arren, operatzaile handienen artean benetako lehiarik dagoen zalantzan jartzen du Jose Manuel Urkidik: "Tarifak txikitu egin dira, baina oraindik ere beste herrialde batzuetan baino garestiagoak dira. Ez dakigu lehia dagoen edo behealdetik adostu egiten dituzten tarifak. Operadoreek elkarren esparruak zaintzen dituzte".

Dei-establezimendua, garesti

2005etik 2010era, batez beste %38,5 txikitu da telefonia mugikor zerbitzuaren prezioa. Baina hor ere, tranpa dago: zerbitzuaren prezio totala merkatu da –alta eta abonu kuotak izoztu egin dira, adibidez–, baina zerbitzu jakin batzuk garestitu egin dira. Hala, komunikazioa ezartzeagatik (dei-establezimendua) batez besteko prezioa 0,12 eurotik 0,15 eurora joan da azken sei urteotan.

Horrela, 2007an tarifak borobiltzeko debekuarengatik galdu dutena konpentsatzen dute telefonia enpresek. Ez da harritzekoa Yoigoko arduradun Johan Andsjok esatea hemengo tarifak "%30 edo %40 merkeago balira, Europako batez bestekotik gertuago egongo lirateke".

Gaur egun, batez beste, Hego Euskal Herrian 16 zentimo ordaintzen dugu telefono mugikorrez hitz egiten dugun minutu bakoitza, eta Europan, 10 ordaintzen dute batez besteko.

Atzerrian, kontuz

Eta oraingo udan Iparraldera bidaiatzen badugu, edo Europako beste edozein tokira, nahi ez dugun ezustekoa izan dezakegu. Izan ere, telefono deia egiteagatik, jasotzeagatik, hitz egiten dugun minutuko… dena garesti kobratzen da. Europako Batasunak hainbat arau egin ditu tarifatzarrak txikitzeko: hala, Europako Batasuneko norbere herrialdetik beste baten erabiliz gero norbere mugikorra, hitz egiten dugun minutuko ezin digute 0,35 euro baino gehiago kobratu, ez eta 0,11 euro baino gehiago ere, atzerrian gaudela deitzen badigute. Era berean, SMSa jasotzeagatik ez kobratzea agindu zuen Europako Batasunak.
Are garestiagoa da erabilera atzerrian Internet erabiltzen badugu telefonotik. Hala, 3 megako pisua duen irudi bat jaisteagatik, zenbait operadorek minutuko 2,6 euro kobratuko digute.  Operadore batzuek deskargatutako mega bakoitzeko 12 euro ere kobratzen dute. Gainera, Europako Batasunak hartu zuen neurriak, maximo batzuk jartzeak, ez zuen eraginik izan, operadoreek oso marjina handiak dituztelako. Orain, urtetik urtera gero eta prezio maximo txikiagoak finkatu nahi ditu. Helburua da 2015erako herrialde barruko eta herrialde arteko tarifak berberak izatea.

Mugikorrendako aplikazioak sortzen dituen Batura Mobile Solutions Debagoieneko enpresako Gotzon Arzelusek dioenez, "tarifa garesti horiek freno bat dira industria posible batendako. Informazioaren eta komunikazioaren jendartean bizi izanda, hainbeste oztopo izatea kontraesana da".

Jose Manuel Urkidi, Gipuzkoako kontsumitzaileen batasuneko kidea

Jose Manuel Urkidi.

"Arazoak saihesteko, informazioa da gakoa"

Kontsumitzaile-elkarteko kide eta abokatua Goiena telebistan elkarrizketatu genuen.
Ze iruditzen zaizue portabilitatea egun baten egin ahal izatea?
Albiste ona da. Kontsumitzaileari ahalik eta aukera gehien, ahalik eta tarifa txikienetan ekartzen dizkion guztia ondo hartzen dugu.
Telefoniaren barruan, zerk eragiten du kexa edo kontsulta gehien?
Telefonia da gure "gai izarra". Eta batik bat, fakturazio arazoengatik dator jendea: kontratatu ez duen zerbait fakturatzen diotenean. Adibidez, batzuetan, oso telefono moderno bat erosi du, baina informazio jakin bat ez zaio eman bezeroari, eta tarifa bat ordaintzera behartuta dago, telefono horrek Internetera sarrera duelako.
Kontsumitzaileak babesgabe sentitzen dira…
Informazio falta izaten da. Askotan, kontratuak ez ditugu irakurtzen; oso luzeak eta teknikoak izaten dira. Arazoak galarazteko, gakoa informazioa da. Zerbait eskaintzeko deitzen digutenean, kontratua beti idatziz bidal diezaguten eskatzea komeni da. Orientazioa behar badu, kontsumitzaile bulegootara etor daiteke edozein.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak