Andrea Arrizabalaga: "Kalea faltan igartzen dut; espero dut, benetan, bueltatzea"

Txomin Madina Milikua 2011ko abuztuaren 9a

Hasieran erreportari eta orain aurkezle, galdakoztarra gauero gauero-sartzen da gure etxeetan eguneko albiste onen eta txarren berri emateko.

1.  Elkarrizketatzailea elkarrizketatu. Eroso egoten zara halakoetan?
Ezeroso ez; baina hasieran arraroa egiten zitzaidan. Dagoeneko ohitu naiz. Elkarrizketaren ostean,  kazetariaren azalean jartzen naiz: erantzun onak eman ditudan, titularren bat...

2. Kaletik platora egin zenuen. Alderantzizkoa egiteko arazorik?
Ez. Ororen gainetik kazetaria naiz; kalean beste era bateko adrenalina sentitzen duzu, eta batzuetan faltan igartzen dut. Espero dut, benetan, bueltatzea.

3. Teleberri, binaka ala banaka?
Binaka lana errazagoa da; batzuetan, hobe da. Banaka, nire kasuan, baita Asierrenean [Ormazabal] ere, kontzentratuago zaude; Teleberri zurea da. Nahiago binaka; eta Asierrekin, primeran.

4. Albistegiek, zenbat dute informaziotik eta zenbat ikuskizunetik?
Kate batzuk nahiko sentsazionalistak dira; batzuetan, gehiegi. Guri ere esaten digute: "Audientziak hala eskatzen du", eta, tarteka, horrenbeste politika eta krisirekin eskertzen dira albiste anekdotikoagoak.

5. Badago ekonomia kontuak interesgarri egiteko modurik?
Zaila! Horretarako albistegi erakargarriak egin behar dira; zuzenekoen oso zalea naiz. Adituei elkarrizketak egitean esaten nien: "Kontatu zure amamari kontatuko bazenio bezala".

6. Erasorik egin dizu barreak zuzenean?
Bai, beti momentu ez aproposenetan; esaterako, Alakranari buruz berbetan. Askotan da pantailan ez ikusi arren, platoan gertatzen diren kontuengatik. Asierrek erakutsi zidan truku bat: azazkalak hatzamarrean sartzea.

7. Serio itxura izan arren, imitatzaile ona zarela entzun dugu...
Egia da hasieran serio samarra ematen dudala; batek baino gehiagok esan dit hori, baita Asierrek ere. Hori bai, behin ezagututa uste dute guztiz ezberdina naizela. Eta bai, imitazioak egiten ditut... Hobeto esanda, egiten nituen.

8. Katuek ez dute sinpatiko fama, baina zuk bat duzu.
Oso animaliazalea naiz; hau dudan bigarren katua da, Goku. Maitasun eta konpainia handia ematen dit; oso dibertigarria da, beti ikertzen dabil eta leloen pare egoten naiz begira. Nahiago dut animaliak erosi baino gehiago adoptatu.

9. Euskara ETBn ikasi omen duzu. Nola hain azkar eta hain ondo?
Euskaltegian eta barnetegian ibili arren, nire barnetegi onena Euskal Telebista eta lankideak izan dira. Ahoskerarekin, esaterako, asko lagundu didate.

10. Nola doa Ingeles Filologia?
Duela 5 urte hasi nuen. Gero, utzi arren, aurten berriz hartu dut. Oso nota onak atera ditut. Asko gustatzen zaizkit hizkuntzak.

-------------------------

Lehendakaria banintz: "Ajuria Enean biziko nintzateke eta gaur egun baino lanpetuagoa egongo nintzateke. Eta lan horren guztiaren artean, Euskal Herriko kultura eta nortasuna zabaltzen disfrutatuko nuke gehien;  hori izango litzateke lanaren alde onena. Lan zaila iruditzen zait; hortaz, gozatu egingo nuke, eta gero, gerokoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak