Gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 21a

Euskaraz badu halako punttu bat izena du gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berriak. Atzo aurkeztu zuten. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik aditzera eman duenez, "euskararen erabilera gizartearen alor ezberdinetara hedatzeko ahaleginean, gure aspaldiko nahia zen, nola ez, gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzea gure herritarrei". Debagoieneko autoeskoletan ere bai.

Guztira, 52 autoeskolak eskainiko dute gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoan; 52 autoeskola, 96 eskola ezberdinetan banatuta. Kopuru horretatik, 26 Gipuzkoakoak dira, 25 Bizkaikoak eta, oraingoz, bakarra Arabakoa.

Dena den, Lurdes Auzmendik argitu zuenez, "laster batean lurralde honetan ere zerbitzu hori eskainiko duen autoeskola gehiago izateko itxaropena dugu". Horrenbestez, ehunka, milaka gaztek eta ez hain gaztek ere azeleragailua euskaraz zapaltzeko aukera izango dute hemendik aurrera.

Autoeskola horietan ikasleek Trafikoaren araudia euskaraz, multimedia programa erakargarri bat eta azterketa eguneratuez osatutako CDa izango dituzte eskura. Haien zerbitzura propio prestaturiko irakasle euskaldunak ere izango dituzte.

Azterketa praktikoa, oraindik ez

Edozelan ere, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik argitu du, momentuz behintzat, prestakuntza akademikoa eta B gidabaimenaren azterketa teorikoa ateratzeko aukera izango dela soilik: "Azterketa praktikoari dagokionez, oraindik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere azken erabakia eman behar du, baina berandu baino lehen azterketa praktikoa ere euskaraz egin ahal izango dela ziur gaude”.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskadiko Trafiko Zuzendaritzarekin lankidetzan egindako ekimen hau, euskararen erabilera bermatu eta sustatzeko egiten ari den ahaleginetako bat da.

Hala berretsi zuen Lurdes Auzmendik ere: "Dagoeneko ez dago aitzakiarik bolantearen aurrean jarri aurretik eta ondoren bolantearen aurrean jartzeko gaitasuna lortzen dugunean euskaraz ez egiteko, euskara ez erabiltzeko, eta ez da horretan geratuko, ez horixe; honen ondoren ahalegin gehiago etorriko dira, euskararen bidea luzea baita, eta ez du etenik. Eman diezaiogun argi berdea".

Atzo aurkeztu zen ekimen horren ikasmateriala banatu da dagoeneko partaide diren EAEko autoeskola guztietan, udal kiroldegi eta gizarte-etxeetan, euskaltegietan eta gazte informazio bulegoetan. Irailetik aurrera, berriz, ikastetxe eta unibertsitateetan banatuko da.

Debagoienean lehenagotik

Debagoienan urteak dira gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dutena autoeskolek. Ibarreko udalak urteak daramatzate, gainera, kanpainak bultzatzen. Eta, horretaz gain, materiala euskaratzen ere bai. Ibarreko udaletako hainbat euskara teknikarik jardun du horretan. Hortaz, Denagoienean ohiko bihurtu dena, apurka-apurka, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako eskualdeetara ere zabaltzen ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak