Jasone Mitxeltorena: "Parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena sustatu nahi dugu"

Edu Mendibil 2011ko uztailaren 20a

Joan den urteko ekainean ekin zioten Usurbil aldean Auzolan egitasmoa sortzeari. Ekonomi krisiari aurre egiteko auzolana bitarteko egokia dela uste dute bultzatzaileek. Debagoieneko zenbait lagun ere badira tartean. Irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean Auzolan I. Topaketa egingo dute Usurbilen bertan. Jasone Mitxeltorena (Etxalar, Nafarroa) taldeko partaidearekin egin dugu berba.

Zelan hasi zineten Auzolan egitasmoarekin?
Auzolanak eta herrigintzak berebiziko garrantzia izan dute herri garapenean, eta egun premia are eta nabariagoa dela uste dugu. Hainbat lagunen ezinegonetik abian jarritako ekimena da gurea, ikusten genuelako gaurko gizarteak gabezi nabariak dituela eta ez dituela pertsonen beharrak asetzen. Elikagaiak gero eta urrunagotik heltzen zaizkigu, elikadura eta energia ereduak ere ez ditugu geuk aukeratzen... Auzolana guzti horri buelta emateko tresna izan daiteke. Herritarren parte hartzea eta erabakitzeko ahamena sustatu nahi dugu. Buru askitasuna funtsezkoa da, hau da, faktore arrotzekiko menpekotasun eza.

Zenbat lagun diharduzue?
Hasieratik ari garenak hamar bat lagun izango gara baina bileretara 30 lagun inguru etortzen dira. Irailaren 10ean izango da hurrengoa, Usurbilgo Artzabal eraikinean, 10:00etan.

Auzolana berpizteko ekimenak indarra hartzen ari dira berriz leku askotan.
Euskal Herrian badira ideia horiek batzen dituzten ekimenak, tartean zuzeneko salmenta bultzatzen dutenak. Baina bakoitzak bere bide propioa dauka eta hain zuzen ere esperientzia horien guztien topagune izan nahi dugu. Aldi berean, esperientzia berriak abian jarri nahi dituztenendako erreferente izan nahi dugu. Herri garapenaren baitan kokatutako egitasmoak erakarri nahi ditugu eta toki bakoitzean halako egitasmoak sustatu, lagundu eta babestu. Edozein modutan, elkarte gisa eratzekotan gabiltza oraindik.

Debagoieneko elkarterik bada zuekin harremanetan?
Baliteke. Ehundik gora izen ditugu kontaktuen artean, baina ez dut zuzeneko ezagutza. Antxon Mendizabal arrasatearra ere badabil gurekin lanean.

Auzolan topaketa iragarri duzue.
Bai, Usurbilen izango da, irailaren 30etik urriaren 2ra. Auzolan egitasmoa ezagutzera emateaz gain, krisi globala, herri garapena edota Kataluniako kooperatiba integralaren esperientzia izango ditugu aztergai. Katalunian bi urtetik hona oso lan interesgarria egin dute eta hor dago esaterako tokiko txanpona, hango zenbait eskualdetan ekonomia jardueretarako erabiltzen dutena. Auzolanaren inguruko esperientziak bildu eta hausnarketa bultzatu nahi dugu. Jarduera ezberdinei buruzko asanblada irekiak izango dira, tailerrak, tokiko batzarrak ere landuko dira... Auzolanaren kultura liburua orduan aurkeztuko dugu. Hiru egunetarako prezioa (otorduak, ostua eta dutxa barne) 30 eurokoa da. 500 lagun inguru batu nahi ditugu. Argibideak www.auzolan.info webgunean dituzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak