Heziketa emozionala eta PNLren ildotik eratorritako metodologia azaldu du ikastaroan. "Horri, gainera, erantsi behar zaio, alde batetik, hausnarketarako teknikak eta, beste aldetik, konpromisorako teknikak", azaldu du.
"PNL teknikak programazio neurolinguistikoa esan nahi du. Hau da, buruan kode edo programa batzuk ditugu eta horien arabera funtzionatzen dugu. Kode horiek maila neurologikoan daude, hizkuntzaren bidez kodifikatuta. Zer esan nahi du horrek? Berriro, hizkuntzaren arabera kodifikatuta egon daitezkeela. Adibidez, nik neure buruari errepikatzen badiot behin eta berriz ez dudala hizkuntzak ikasteko balio, argi dago ez dudala inoiz hizkuntzarik ikasiko".
Helduok zein eredu transmititzen dugu? Hori da Belategik planteatzen duena. Askotan eskatzen zaie gazteei euskaraz egitea baina guk zer egiten dugu? Horregatik, lehenik eta behin zure praktika zein den aztertu behar dugu. Hau da, gure jokabidea eta horren arrazoia ikertzea. Bakoitzak euskararen inguruan izan duen ibilbidean sakondu behar dugu.
Haurren motibazioa
Aztertu beharreko beste kontu bat da gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten. Esaterako, zein motibazio falta duten. Gazteleraz hitz egiten badute, ea zergatik egiten duten, zein jarrera edo jokabide dagoen horren atzean eta ikusi aldagarriak diren ala ez. "Jarrera aldaketa bultzatzen saiatu behar dugu motibazio tresnak erabiliz; hizkuntzari atxikimendua, ezagutza... hizkuntzarekiko maitasuna sustatzea, azken finean".
Izan ere, eskoletan lehen euskara hutsez egiten zena orain gaztelerak menperatzen duela gero eta argiago ikusten da. "Eskola orduetan euskaraz egiten da, hainbat eskoletako sistema horrela eginda dagoelako, baina atsedenaldietan gazte askok gaztelerara jotzen du. Zergatik? Helduen hizkuntza delako. Baliteke beharbada horregatik soilik ez izatea. Azken batean, galdetu diegu gure gazteei zergatik egiten duten gazteleraz?", azaldu du Belategik.
Haur edo gazteak duen bizilekuaren arabera, familia... zenbait motibazio teknika aplikatu behar dira. Esaterako, guraso euskaldunak dituen haur baten kasua edo guraso erdaldunak eta euskara bigarren hizkuntza moduan eskolan ikasi duen batena ez da gauza bera. Hizkuntzarekiko lotura eta gaitasuna faktore garrantzitsuak dira. Hizkuntza bat ikasteko gaitasuna eta horrekiko atxikimendua edo harreman emozionala ere oinarrizkoak dira.
Euskaldun batek izan behar duen lehenengo gauza kontzientzia da. "Kontzientzia gabe errazagoa da gure gizartean gaztelerara jotzea". Gainera, euskaraz hitz egiten saiatu behar gara, horrela gaitasuna handitzen baita eta horrek erosoago espresatzea dakarrelako. Aldi berean, gure buruarengan segurtasun gehiago izango dugu.
Gaur egungo gizartean kultur aniztasunean bizi gara. Belategik azaldu duenez, bi errealitate daude. Alde batetik, atzerritik etorri baina gaztelera ama hizkuntza moduan ekarri ez duten lagunak daude — frantsesa, ingelesa edo beraien jatorrizko hizkuntza–. "Horiek hona etorri zirenean euskara ezagutu dute eskolako hizkuntza moduan. Ondorioz, horien seme-alabek euskaraz egiten dute eta horixe beraien lehen hizkuntza da. Gainera, integrazio bide modura ere hartzen dute". Beste aldetik, Hego Ameriketatik etorritako ume eta gazteen kasua ezberdina da. Izan ere, badute hemen erabiltzen den beste hizkuntza bat: gaztelera. Orduan, euskara ikasteko esfortzua eta premia txikitu egiten da. Ondorioz, komunitate horretako kideek euskara ikasteko zailtasun gehiago dituzte. Horri bizilekuaren aldagaia ere gehitu behar zaio. "Markinako komunitate afrikarrak euskaraz egiten du, horixe kaleko hizkuntza baita. Aldiz, Durangoko afrikarrek gazteleraz egiten dute eta haurrek ere, nahiz eta eskolan euskaraz ikasi eta egin. Inguru soziolinguistikoak berebiziko garrantzia du".