Noiz eta zelan atera zenuen saritutako argazkia, Senegal?
2009ko Gabonetan atera nuen; Senegalera bidaia egin genuen eta Euskal Herrian bizi den senegaldar bat etorri zen gurekin. Auto barrutik atera nuen, mutiko bat gure lagun senegaldarrari laguntza eske ari zenean. Hara joandakoan beste maila baten daude atzerrian bizi diren senegaldarrak, elkar ezagutzen dute guztiek, eta mutikoa haren herrikideari zuzendu zitzaion. Jeneralean, bidaietan batez ere, kamera aldean eramaten dut eta momentu hori harrapatzea tokatu zitzaidan, zortea ere izan nuen... Argazki horretan indar handia duena mutikoaren begirada da nik uste.
Zuri-beltzean atera zenuen?
Ez, kamera digitala erabiltzen dut gaur eta koloretan atera nuen. Tratamendu bitartez zuri-beltzera pasatu nuen gero. Argazkiak digitalki asko ukitzen ditudan? Ez dut uste, argazkiak berak eskatzen duena bakarrik.
Ilusioa egingo zizun halako lehiaketa garrantzitsu bat irabazteak, ala?
Dudarik ez. Euskal Herriko argazkilari onenek hartzen dute parte eta tartean izaten dira han eta hemen saritutako argazkiak. Urte askotan parte hartu izan dut eta ez nuen espero inondik inora sari nagusia irabaztea. Egia esateko, sekulako sorpresa hartu nuen.
Noiz hasi zinen argazkilaritzan?
Betidanik gustatu izan zait argazkilaritza baina batez ere 1990eko hamarkadatik aurrera hasi nintzen serioagoa hartzen. Azken urteotan Legazpiko Ikatza argazki zale elkartean nabil, aspaldian han bizi naiz-eta.
Mendian asko ibilitakoa zara...
Bai, gustatzen zait, eta oraindik ere banabil... Nagusiki mendiko eta naturako argazkiak eta bidaietakoak atera ditut. Bidaietan erretratua lantzea da gehien atsegin dudana.
Hurrengo bidaia, nora?
Datozen egunotan Nepalera joango gara. Ilusio ikaragarria egiten dit hara joateak.
Urteko zein sasoitan ateratzen duzu argazki gehien?
Naturako argazkietarako udazkena da sasoirik onena. Negua ere bai... Beste edozein garaitan berdin ibiltzen naiz bestelako gaiekin, baina naturakoak gutxiago ateratzen ditut udan eta udaberrian.
Erretratua lantzea atsegin duzula diozu. Nori egingo zenioke erretratu bat gustura?
Ez daukat pertsona jakin bati erretratua ateratzeko aparteko ilusio edo gogorik. Jeneralean pertsona nagusi bat, amonatxo bat daukat buruan erretratu on batekin pentsatzen dudanean... Modelo aproposak izaten dira halako emakumeak.
Zer behar du erretratu on batek?
Begirada klabea izaten da beti. Hortxe dago erretratuaren arrakastarik handiena, duda barik.
Zenbat kamera dituzu etxean?
Batzuk badaude, bai... Analogikoan ibilitakoa naiz eta bizpahiru gordetzen ditut. Eta digitalak, pare bat.
Hurrengo erakusketa, noiz?
Iaz hiru bat egin nituen: Oñatin, Beasainen, Urretxun... Aurten atsedena hartuko du alde horretatik.