Nerea Mendizabal: "Komunikazioa ez da heziketaren tresna bakarra"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 19a

Nerea Mendizabal psikopedagogoak UEUk Iruñean egindako 'Guraso/hezitzaileen eta haurren arteko elkar-ulertzea: erlazioak eraikitzeko zigorra, xantaiak eta mehatxuak ekiditen' ikastaroa eman du. Haurren zein helduen jokaeren atzean dagoena ulertzen erakutsi nahi digu.

Azkenengo urteetan heziketa eredua edo egoera aldatu delakoan zaude? Aldaketa hori negatiboa izan dela esango zenuke?

Urteetan heldua heziketaren agintaria izan da. Berak zekien haurrak zer egin behar zuen. Horren ondorioz, umeen erantzuna egokia izan da, baina beldurretik abiatuta eta ni eredu horren kontrakoa naiz. Den den, bat-batean mugako egoera batera pasatu da, permisibilitatera. Horrek ere bere ondorio larriak dauzka: dena ezin dute libreki egin, haurrek mugak ere behar dituztelako eta seme zein gurasoentzat ere kaltegarria delako. Beraz, aldaketak eman direlakoan nago. Hala ere, bi mugako heziketa horiek ezagututa, oraindik eredu garbirik ez daukagula esan daiteke, argi baitago bi horien ondorioak kaltegarriak direla. Hortaz, autoritarismoa eta permisibilitatea baztertzeko zein eredu behar dugun galdetzea da gakoa. Aldaketa horiek galduta uzten gaituzte, maiz egin nahi ez duguna argi dugulako, baina ez dakigulako heziketa lana era egokian nola egin. Heldu askok ez dute zigorra ez den beste errekurtsorik ikusten umeen jokaera aldatzeko eta horrek argi uzten du aldaketa beharra oraindik ere badagoela.

Beraz, esan daiteke gaur egungo haurrak mizke hezitakoak direla? Nor da horren erantzule: familia, gizartea, jasotako hezkuntza…?

Mimatuen kontuarekin ez dakit zer esan. Egia da haur mimatuak badaudela, gurasoek maiz edozer ematen baitiete egoera lasai edo aproposa lortzekotan. Haurren heziketaren aurrean maiz uste dugu ez dugula errekurtsorik eta, beraz, tendentzia bat gureganatzen dugu. Baina egoera zein da? Maiz haurrak desesperatuak daude, ez ditugulako haien eskakizunen atzean dauden behar horiek asetzen. Mimatutzat jotzen baditugu ere, sufrimendu egoeran egotea izan daiteke. Esaterako, hainbat ume eskolako arazoekin edota medikatuak bizi dira. Beraz, non dago arazoa umeengan, gizartean, gurasoengan…? Haurrak askotan etxeko agintariak badira ere, erreferentzia batzuk izatea edo segurtasun afektu bat garrasika eskatzen dituzte, baina eskatzeko era da guk tiranotzat kalifikatzeko zera hori. Gurasoak heziketa ahalik eta ondoen aurrera eramaten saiatzen direla egia da, intentzioa haurrei etorkizun egoki bat ematea baita. Beraz, nik ez ditut erruduntzat jotzen ez guraso, ez familia eta inor ere ez; baina heziketaren aurrean dugun erantzukizuna kontuan hartu behar dugu. Heziketan gero eta gogotsuago ibili, orduan eta fruitu hobeak jasoko ditugu.

Mehatxu, xantaia edota zigorrak ekiditeko tresnarik egokiena komunikazioa da?

Komunikazioa guraso zein haurrei zer gertatzen zaien ulertzeko tresna paregabea da, baina ez da heziketaren tresna bakarra, komunikazioarekin soilik ez baitugu heziketa aproposik lortuko. Hala ere, bide indartsu horrek hainbat ate irekitzen dizkigu, haurrekiko komunikazioa ahalbidetzeaz gain, haurren eta gure beharrak ezagutzeko aukera ere ematen baitigu. Hitz egitea beti dago ondo, baina betebeharrak asetzen jakiteak ere badu bere garrantzia. Izan ere, komunikazioak ulermena ematen digu eta besteari zer gertatzen zaigun jakinarazten dio. Ondorioz, horixe menperatzen dugunean, praktikara eraman behar dugu, beharrak identifikatuta daudenean zer eta nola eman behar dudan jakiten dugulako.

Zein esango zenuke dela heziketa metodorik egokiena? Zein da guraso eta haurrek horrekiko izan beharreko jarrera?

Metodo hitza ez zait asko gustatzen, baina heziketa egoki edo niretzat aproposa dena lortzeko nire aholkua haurrak pertsonak direla argi izatea litzateke. Beraz, norbanakoari gustatzen ez zaiona edota mina ematen diona haurrari ere mina eragingo diola kontuan hartu behar da. Adibidez, niri aginduak ematea, konparaketak egitea edo gauzak exijentziaren bidez eskatzea gustatzen ez bazait, haurrari ere ez zaio gustatuko. Hau aipatzen dut, gurasoen jarrera maiz aipatutako hori izaten delako eta gerora haurren jarrera salatzen dugulako, adibide hau kontuan izan gabe. Aipatutako jarrera helduek euren artean ez badute onartzen, umeek onartu beharra eduki beharko lukete nahiz eta gustuko ez izan? Maiz horixe onartzen dute, gure aprobazioaren bila dabiltzalako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak