Aurten, Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Guatemala, Bolivia eta Wallmapuko (nazio maputxea) kideak dabiltza, plus horrekin: udan aditu tituluko saioak bukatuko dituzte, eta udazkenean proiektua aurkeztuko du bakoitzak. Hori eta gero, aditu titulu homologatua eta ofiziala izango dute.

Denetariko gaiak landu dituzte: hizkuntza aniztasuna, hizkuntza eta nortasuna, hizkuntzen ekologia, soziolinguistika… Hori, teoria aldetik; baina euskara normaltzen garrantzia izan duten eragileekin ere egon dira –Xamar, Joxerra Etxeberria, Xabier Mendiguren, Maialen Lujanbio, Porrotx…– eta bisita batzuk egin dituzte –Goiena, Euskaltzaindia, ikastolak…– Gero, ikasle bakoitzaren beharrei erantzuten ahalegindu dira Garabidekoak, bere proiekturako behar zituen bisitak eta ekintzak antolatuz.
Euskara batua sortu zenekoa
Beste mugarri garrantzitsu bat ipini berri du Garabide elkarteak: hilaren 5ean aurkeztu zuen, Euskaltzaindian, euskalgintza modernoaren esperientziaren gaineko bigarren liburua eta DVDa: Hizkuntzaren estandarizazioa. Euskararen berreskuratzea II. Euskaraz, espainolez, ingelesez eta frantsesez dago lana, eta www.garabide.org webgunetik jaits daiteke, doan, helburua delako hizkuntza-komunitate minorizatuekin konpartitzea eta haiek tresna gisa erabili ahal izatea. Garabide elkarteko Elena Herrartek eta Oihan Zubizarretak azaltzen dizkigute lan horren nondik norakoak: "Euskalgintzaren esperientzia modu orokor baten eta ikuspegi zabal batetik lantzen gabiltza lan horietan. Bigarren honek arlo konkretu bat jasotzen du: euskara batuaren sorrera eta euskara berreskuratzeko eta normaltzeko batuak izan duen rola eta garrantzia". Gaineratzen dutenez, "euskararen inguruan liburu asko daude, baina honetan oso modu zuzen, sintetiko eta didaktikoan azaltzen da guztia". Mota horretako bakarrenetarikoa da Garabideren lan berria.
Hirugarren zenbakia prestatzen dabiltza, eta euskarazko komunikabideen gainean jardungo dute. Gero, hezkuntza, kultura… aztertuko dituzte.
Kooperanteak kultura arloan
Garabide elkarteak bi lan-ardatz dauzka, Elena Herrarte kidearen hitzetan: "Gure estrategia nagusia formazio saioak dira. Orain arte, horren barruan, truke programak egin ditugu, hiru hileko egonaldiekin. Denetara, azken hiru edo lau urteotan 60 bat laguni eman diegu formazioa. Aurten, jauzi kualitatiboa egin dugu, aditu titulu homologatua sortuta, Mondragon Unibertsitatearekin batera. Eta beste ardatza dira kooperazio proiektuak, hiztun-komunitateekin eurekin. Horren barruan, Ekuadorren, orain bi urte egon ginen telebista kitxua baten sorrera bultzatzen, formazio teknikoa eta hizkuntza-aholkularitza ematen eta hango komunikatzaileak prestatzen".

GKE baten antzekoa da Garabide, zentzu horretan –izan ere, Mundukidetik sortu zen–: "Ohiko kooperazioak egiten duena egiten dugu, hango proiektuak lagundu; baina gure espezializazioa gai identitario eta kulturaletan dago. Kultura arlo berri samarra da kooperazioan, baina Euskal Herriak badu aberastasun bat, esperientzia hori landuta daukalako, eta hori eskaintzeko moduan dago", esaten dute Elenek eta Oihanek.

"Sekulako harrera dugu"
Garabiden hiru kide daude, eta elkartearen inguruan lagun, laguntzaile, erakunde… asko daude. Garabideko kideek "koordinazio eta zubi lana" egiten dute, bai Ameriketako eta hemengo erakundeen artean, bai hemengo eragileen artean ere, ekintzak antolatzeko. "Eragina bi aldekoa da: hemengo erakundeak inplikatzen diren neurrian, jasotzeko asko izango dute herri indigenetako kideek", esaten dute Elenak eta Oihanek. Eta, zentzu horretan, "edozein" erakundetara joan direnean, "sekulako harrera" izan dute: "Motibazio handia izan du hemengo jendeak lan hau egiteko; ikusten dute egin beharreko lana dela, eta gertu daude beti euren ekarpena egiteko", azaltzen dute. Hala, Eusko Jaurlaritzaren, Mondragon Unibertsitatearen, AEKren, Topagunearen, Goienaren, Uzeiren… lankidetza izan dute.