"Ibaia garbi egoteaz gain, ibai itxura izan eta bizirik egon behar du"

Leire Kortabarria 2011ko uztailaren 19a

Deba ibaiak kalitate hobea du aurten zenbait zatitan iaz baino. Bestalde, laster Epeleko araztegia lanean hasiko da, eta horrek ura garbi izaten asko lagunduko du. Baina Deba ibaia benetan bere onera ekartzeko oraindik asko falta da.

Leku batzuetan, uraren kalitatea "bikaintzat" jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bainua hartu dezakete debagoiendarrek infekziorik harrapatzeko beldur barik Leintz Gatzaga, Urkulu eta Aixola erreketan, eta baita Oñati erreka goialdean, hau da, Debaren iturburuetan. Bainua ez, baina arrantzan egitera proba egin dezakete aipatutakoetan eta beste hauetan: Aramaio eta Ubera erreketan.

Azkenik, zikinak, kutsadura maila handi edo oso handiarekin eta "arrainen bizitzarekin bateraezina" den egoeran topatzen ditugu beste urte batez Deba ibaiaren emari nagusi osoa eta adar batzuk: Elorregi biribilgune inguruko zati guztiak, Bergaran, Oñatin eta Arrasaten; eta Antzuola eta Eibarko Ego adarrak ere.

Horixe ondorioztatzen du Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorrerako Sailak, argitara eman berri duen Gipuzkoako Ibaien Ur-Kalitatearen Ikerketan. Urtero egiten du ikerketa hori, eta aurtengoa bukatu berri du.

Ibaia garbiago joaten hasiko da Epelen dagoeneko bukatzen dabiltzan araztegia lanean hasten denean. Baina horrekin ez da berreskuratze lana bukatuko; uren saneamendu sarea beti hobetu daiteke, eta, bestalde, ibai-bazterrak ahalik eta gehien bere onera ekartzea gomendatzen du Foru Aldundiak. Eta horretan ere, Deba ibarra eta bere ibaia atzeko postuetan daude.

Denetariko egoerak

Oro har, "Gipuzkoako ibai-sarearen egoera era askotakoa da. Oraindik ere kutsadura-arazo garrantzitsuak daude; ibai-bazterretan egindako obra ugarien ondorioz habitatak tarte askotan izan duen eraldaketa sakona ere gehitu behar zaio horri", esaten du Uren Kalitatearen Azterketak.
Orokorrean, Foru Aldundiak dioenez, "saneamendu eta arazketa planei esker, hobetzen ari da uraren kalitatea" Gipuzkoako ibaietan. Horretan aurreratu da gehien.

Ibaian barrena 16 estaziotatik hartu dituzte laginak, eta egoera larria da, adituen esanetan, gune kritikoa Elorregi inguruan kokatuta: "Goi-ibarrean (Leintz), uraren kalitatea oso kontserbazio-egoera onean dago eta bikaina izaten jarraitzen du. Gainerako estazioetan arazo larriak antzeman dira. Arrasaten hobekuntza nabaritu da 2003tik aurrera, kolektorearen isuriak puntu horretatik behera botatzen direlako; nolanahi ere, kalitate biologikoa kalitate urri-txarraren tarte horretan mantenduko da. San Prudentzion, Debagoieneko kolektorearen isurketek eragiten diotenez, oso kutsadura handia erregistratzen da, eta hori uraren kalitate ezin txarragoan islatzen da".

Beherako bidean, zertxobait hobetzen da: "Bergaratik ibaian behera eta Mendaro bitartean (…) uraren kalitatea eskasa da eta, kasu batzuetan, kalitate ertainekoa da. Elgoibartik behera, nolabaiteko hobekuntza ikusi ahal izan da azken urteetan".

Ibaiadarrak ere aztertu dituzte, eta honela kalifikatzen dituzte: Aramaio "egokia da ziprinidoen bizitzarako", eta kutsadura organiko gutxi dago. Kalitatean, "nolabaiteko hobekuntza igarri da 2007tik aurrera", diote Foru Aldundiko teknikariek.

Oñatin, Zubillagan, salmonidoak bizitzeko moduko baldintzak daude. "Parametro guztiek balio egokiak erakusten dituzte". Baina San Prudentziora ailegatzerakoan asko aldatzen da kontua: "Tavesa zubian emaitzek kalitate txarreko urak direla adierazten dute".

Urkulu errekan, edateko uren araztegitik behera, "urek kalitate fisiko-kimiko ona dute eta, beraz, egokiak dira salmonidoentzat" (amuarrainak). Ura tenperatura egokian dago (13,3ºC) eta ez dago kutsadurarik, baina uda partean "kalitate ertaina" du; udaberrian dago ondoen.

Antzuola eta Ubera ibaiek "kalitate urria" dute, nahiz eta  Uberakoa hobetu egin den.
Aixolako errekan "kalitate handia" du urak.

Azkenik, Ego ibaian "azken urte hauetan kutsadura mailak behera egin du", baina "oraindik handia da".

Animalia txikien garrantzia

Felix Izko da Uraren Kontrol eta Kalitatearen Unitateko burua eta ikerketaren zuzendarietako bat, eta hauxe esaten digu: "Orain 40 urte, bazirudien ibaiaren kalitatea adierazle fisiko-kimikoetara mugatzen zela, hau da, ura garbi egotea, eta, beraz, araztegiak jartzea nahikoa zela. Orain badakigu hori ez dela nahikoa; urak garbi egon behar du, baina ibaia bizirik egon behar da: arrainak, hegaztiak, bestelako animaliak, landaretza… Ibaia ondo egoteaz gain, ibai itxura izan behar du". Orain, gainera, alderdi guztiak kontuan hartzera behartzen du Europako 2000. urteko Uraren Zuzentarau Markoak.

Hori dena kontuan hartzen dute gaur egungo azterketek, eta ez dituzte uraren adierazgarri fisiko-kimikoak bakarrik interpretatzen; baita ibai-bazterretan landaretzarik dagoen edo ez, eta zelan eta non dagoen; arrainak dauden, hegaztiak dauden, eta "oso adierazgarria da ibai-hondoan, harrien artean bizi diren animalia txikien kopurua, aldaketek segituan eragiten dietelako". Hala, "saneamendu-lanak bukatu diren ibai askotan, barreneko animaliak ez dira berreskuratu".

Beste adibide batzuk: "Zuhaitzik ez badago, ez dago gerizperik, eta ura asko berotzen da. Bestalde, azpiegitura asko ibai-bazterretan daude, eta ibaiaren berezko uholde-ibarrak hartu dituzte, bertako landaretza txikituz".

Saneamendu-sarea hobetu

Saneamendu sarea garrantzitsua da. Hala, ikerketan esaten da "uraren saneamendu eta arazketa azpiegitura guztiak abian jartzen direnean uraren kalitateak hobera egingo" duela.

Baina arduradunak ezin dira lasaitu: "Gune txikiak eta industrialdeak saneamendu-sarera lotzea falta da, eta herri askotako saneamenduari beste buelta bat eman behar zaio, baina hori udalen ardura da", dio Izkok.

"Bestelako arazoak" ere baditu Deba ibaiak, Foru Aldundiko Uraren Kontrol eta Kalitatearen arduradunaren hitzetan: "Deba ibaia oso bideratuta dago; tarte batzuetan, porlanez estalita ere bai. Ez da ibaia batere errespetatu". Ibaia denetara berreskuratzeko, "plan zehatzak" hartzera animatzen du Aldundiak: ibaiari eragiten dioten ekipamenduak (adibidez, zentral hidroelektrikoak) zuzentzeko neurriak; urtegiendako "kudeaketa-eredu zehatzak", horrela "ur-emariak bermatzeko"; bestalde, Gipuzkoan oso ohikoak dira presa txikiak, baina asko ez dira erabiltzen; bada, horiek botatzea gomendatzen du Aldundiak, izan ere, animalien migrazioa oztopatu egiten dute; erabiltzen direnen kasuan, animaliak pasatzeko elementuak egitea aholkatzen du. Hori dena, baina, beste arduradun batzuen lana izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak