Emaitzen berri izan orduko, Kutxaren lehendakari Xabier Iturbek erakundearen poza adierazi zuen; izan ere, horrela "aintzatetsi egiten baita bere plan estrategikoari, Bai Planari, jarraiki Kutxa gipuzkoarra garatzen ari den zuhurtziazko kudeaketa".
Kutxa gipuzkoarrak, inolako erreskate fondorik behar izan ez izateaz gain, %13,2ko Tier 1 ratioa (kalitate goreneko kapital ratioa) aurkezten zuen 2010eko abenduan, joan den egubakoitzean aditzera emandako emaitzen arabera. Eta erresistentzia probek kontuan hartu duten egoerarik zailenean, Kutxak %10,1eko ratioa izango luke 2012ko abenduan, proba gainditzeko ezarritako %5ekoaren oso gainetik alegia.
Bezeroak, "partaide"
Duela urtebete egin zen moduan, orduan izandako antzeko probek ere toki nabarmenean utzi baitzuten Kutxa, Xabier Iturbek garbi adierazi nahi izan zuen Kutxaren bezeroekiko errekonozimendua, "erakutsi duten konfiantza eta leialtasuna eskertzeaz gain, lortutako emaitza on honen partaide egin baititu gure bezeroak", bere hitzetan.
Azkenean, Kutxaren lehendakariak gogorazi zuen Kutxaren zuhurtziazko kudeaketak ez duela gizarte konpromisoa bazterrean uzten: "Aitzitik, eta azken urteotan sistema finantzarioa jasaten ari den zailtasun objektiboak hor badira ere, beharrezko ahalegin guztiak egin ditugu Gizarte Ekintzarekiko betebeharrei eusteko, horixe dugu eta Kutxaren nortasunaren adierazle".
Bategiteari bultzada
Egubakoitzean jakinarazi ziren erresistentzia-proben emaitzen harira, Ekonomia sailburu Carlos Agirrek esan du Kutxak, BBK-k eta Vitalek lortutako emaitza onak "bultzada" direla kutxa horien bategiterako. "Espainiako eta Europa osoko erakunde onenen artean daude, kapital eta kaudimen (solbentzia) aldetik", esan du gaur. "Hori, bakarka; batera hartzen baditugu, kaudimen horri beste dimentsio handiago eta doituago bat gehitu dakioke".