Akordio horrekin, Osakidetzak konpondutzat jotzen du Arreta Jarraituko Guneak aste bukaeretan eta jaiegunetan eta ospitaletik kanpoko larrialde zerbitzuak berriz antolatu beharrak sortu duen lan-gatazka. Berrantolaketa hori iazko ekainaren 19an jarri zuten indarrean.
Osakidetzaren esanetan, "oso antolaketa konplexua arautu da", eta "aste bukaera osoan modu homogeneoagoan banatu da zerbitzua". Erabiltzaileak "pozik" daude antolaketa berriarekin, dio Osakidetzak.
Aurrerantzean, iazko ekainaren 19an Arreta Jarraituan lanean zebiltzan langileek orduan bezala egingo dute lan, baina zapatuetan 08:00 edo 09:00etatik hasi eta 14:00etara bitartean, erakunde bakoitzaren arabera lan egingo dute.
Bestalde, zapatuetan 08:00etatik 22:00etara egiten den lanak ordainketa gehigarri bat izango du.
Era berean, ospitale barruko zein kanpoko larrialdiak ere plus batekin ordainduko dira, hitzarmenak zehazten dituen baldintzekin.
Hori guztia 2,5 milioi kostatuko zaio Osakidetzari, eta horren erdia iazko aurrekontuan sartzen da, antolaketa berria iazko ekainean hasi zelako.