Murugaineko indusketak bertatik bertara ezagutzeko ekimenak antolatu dituzte

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 13a

Murugainen egiten diharduten indusketa lanen berri eman eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi die herritarrei Aramaioko Udalak. "Indusketa proiektua herriari zabaltzea nahi dugu eta herritarrendako egitaraua antolatu dugu gaiaz sentsibilizatzeko eta Murugaineko proiektuaz guztiok gozatzeko". Halaxe diote ohar batean.

Ondare babesa elkartea da indusketa lanak egiten diharduena. Gasteizko arkeologia enpresa bat da hori. Aramaioko Ondarearen Babeserako Taldeak eta Aramaioko Udalak bultzatu eta babestu dute proiektua.

Hauexek dira prestatu dituzten ekimenak:

  • Uztailak 17 eta 24: Aramaio bailarako gerra denborako beste trintxera batzuk lokalizatu eta trintxeren mapa bat egiteko auzolana. Mendi bueltatxo bat izango da, bidean dauden trintxerak lokalizatuz. 09:30ean irtenda udaletxe aurretik.
  • Uztailak 31: Murugaineko indusketa gunera bisita gidatua, Etor Telleria arkeologoaren gidaritzapean. 11:00etan. Aramaioko frontoi aurretik irtenda.
  • Irailean (eguna zehazteko): Proiektuaren balorazioa eta Espainiako gerraren inguruko mahai ingurua.

Herritarrak animatu nahi ditu Aramaioko Udalak ekimen horietan parte har dezaten. Informazio gehiago nahi izanez gero udaletxera deitu behar da.

Burni aroko herrixa

Murugaineko indusketa lanak uztailaren 8az geroztik hasiak daude. Aramaio, Aretxabaleta eta Arrasate erdian dagoen mendi tontorra da Murugain. Burni aroko herrixka baten aztarnak ikusten dira eta, horretaz gain, Espainiako gerrako lubaki baten aztarnak ere bai.

Aramaioko Ondarearen Babeserako Taldeak eta Aramaioko Udalak Murugaineko ondare hori berreskuratu eta ezagutzera emateko proiektua martxan jarri dute, elkarrekin.

Indusketa lanok astean barrena, egunero, egiten dihardute. 08:00etatik 16:00ak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak