Txagorritxu Ospitalean diharduen Luis Galdos neurologo oñatiarrak esaten duenez, "azkenean, norbere kontzientzia galtzen dute, ibili ezinik gelditu arte, aurretik infekzio baten ondorioz hiltzen ez badira". Gaixotasuna agertzen denetik gaixoa guztiz mendeko den arte "5 eta 20 urteko epea" pasatzen da, gehienetan, baina zenbat eta goiztiarragoa izan, orduan eta azkarrago zabalduko da gaixotasuna.
Gaixotasun neurologiko hori 1906an identifikatu zen, baina 105 urte ez dira nahikoak izan sendabidea topatzeko. Hori bereziki bultzatu nahian, Osasunerako Mundu Erakundeak eta Nazioarteko Alzheimer Fundazioak gaixotasun hori ikertzeko nazioarteko urtea izendatu dute 2011. Eta arrazoiak soberan daude: zahartzaroko gaixotasuna denez, bizi-itxaropena handitzen doan neurrian, kasu kopurua ere handitzen joango da: Hego Euskal Herrian eta Espainian, 650.000 bat gaixo daude; 65 urtetik gorakoen %6ek izaten dute Alzheimerra, eta 2020rako, gaur egungo bi halako gaixo izango dira.
"Bizitza aldatzen zaizu"
Alzheimerrak ez dio bakarrik gaixoari eragiten; oso modu zuzenean eragiten dio haren familiari ere. Batez beste lau kide zenbatuta familia bakoitzeko, Alzheimerrak bi milioi laguni baino gehiagori eragiten die Hego Euskal Herrian eta Espainian. Alzheimerra familia osoaren eta jendarte osoaren erronka da.
Hortik sortu dira gaixoen familien elkarteak. Gipuzkoan Afagi sortu zen orain 20 urte. Bertako presidenteak, Koldo Aulestiak, esaten digunez, "familia osoari bizitza aldatzen zaio", eta laguntza behar izaten da: "Arreta psiko-sozial zerbitzua da guretako garrantzitsuena eta familiek gehien eskatzen dutena. Gaixoaren senideek egoera eta erabaki zailak izango dituzte, eta horiek baloratzen laguntzeko eta behar duten babesa emateko profesional batzuk ditugu Afagin". Aulestiak esperientziaz daki premia horren berri, bera ere afektatua delako. Eta bere esanetan, "babes mota hori ez da beste inon aurkitzen, elkarteetan ez bada".
Erabaki zailak, dilema handiak izango dituzte: gaixoa etxean bakarrik uzterakoan, atea giltzaz itxi? Eta etxean zerbait gertatzen bada? Bestalde, gaixoa etxean izan edo erresidentziara eraman? Eta han gustura ez bada sentitzen…?
Donostian hitzordua
Gaztaroa eta ustezko perfekzioa goraipatzen dituen gaur egungo jendarteak "bizkarra ematen" dio Alzheimerrari eta, oro har, dementziari, Koldo Aulestiak dioenez: "Eta gogoratu behar dugu edozeinek izan dezakeela, eta normal hartu behar dugu. Kontzientzia piztu nahi dugu, baina kontzientzia ez da pena, konplizitatea baizik. Horregatik, aurten lehenengo aldiz kalera irtengo dugu Afagikook, eta irailean martxa solidarioa egingo dugu Donostian Alzheimer gaixook eta zaintzaileok".
Horrez gain, datorren urtean, urrian, Donostian izango da Espainiako Alzheimerraren Kongresua, eta han batuko dira Hego Euskal Herriko eta Espainiako familien elkarteak, boluntarioak, erakundeak… Aukera polita izango dugu Gipuzkoan gaixotasun horren kontzientzia handitzeko.
Laguntzak ez dira nahikoak
Babes psikologikoaz gain, laguntza materiala behar izaten dute familiek. Alde horretatik, Afagiko presidenteak esaten duen moduan, "laguntza ekonomiko aldetik aurrerapauso handiak eman dira, baina baloratu behar dugu diru horrekin ze motatako zerbitzua ari garen ematen, bai erakunde eta erresidentzietan, bai etxean. Bizi-kalitatea behar dute gaixoak eta zaintzaileak". Izan ere, Alzheimer gaixoak zaintzaile zuzenaren figura sortzen du eta behar du; biak batera doaz beti. Luis Galdos neurologoaren esanetan, "normalean zaintzailea emakumea izaten da, emazte, alaba, erraina, arreba edo iloba moduan".
Laguntza aldetik ere hutsuneak ikusten ditu neurologoak: "Ez dago behar guztiei aurre egiteko moduko laguntzak, orain jasaten ari garen politika neoliberala ez baita egokiena laguntza sozialak lortzeko". Bestalde, "pertsona baten mendekotasuna oso garesti irteten zaio zaintzaileari, bere lanpostua sakrifikatu arteraino batzuetan, zerbitzu sozialek eskaintzen dituzten laguntzak nahikoak izaten ez direlako, eta psikologikoki erronka ikaragarria da, askotan seme-alabak oraindik etxean dituztelako eta ardura bikoitz hori ondo eramatea, adostea, batzuetan ia ezinezkoa gertatzen zaie".
Bihotza da zubia
Senideak, bereziki gaixoarenganako gertuen dagoen pertsonak, egoera zailak bizi izateko gertu egon behar dira. Afagiko presidenteak dioenez, "gaixoak ez dira umeak, eta ez ditugu horrela tratatu behar. Umeek gero eta gehiago dakite, eta Alzheimer gaixoak, aldiz, dakitena galtzen doaz. Hori ikustea izaten da senideendako gogorrena".
Arrasateko gaixo baten senide eta zaintzailearen hitzek kezka hori adierazten dute: "Ailegatuko da egun bat non ez nauen ezagutuko. Momentu horretaz pentsatzen larritzen gara, baina gehiago larritu beharko gintuzke beste honek: noiz ez dugu guk bera ezagutuko?"
Baina beste hau ere esan behar da: memoria emozionala, bihotza, beste modu batera esanda, inoiz ez da galtzen. Luis Galdos neurologo oñatiarrak honela dio: "Gaixotasunaren hedapenak uzten ditu burmuinean kaltetu bako alde erreserbatu batzuk, noizbehinka estimulatu daitezkeenak, batez ere, afektuen eta sentimenduen bidez". Badirudi, hortaz, beste behin, sentimenduak direla hainbeste maite dugun aitaita, amama, aita edo ama horrenganako lotura inoiz ez galtzeko bidea.
Ikerketen alde, eman zure oroitzapena
Aurkikuntza iraultzaileren baten ezean, 100 milioi lagun baino gehiago oroitzapen barik geratuko dira 2050. urterako. Eta Alzheimerraren gaineko ikerketaren urtean gaudela aprobetxatuta, oroitzapenen Interneteko biltegi erraldoia osatzeko ekimena abiatu dute Reina Sofia Fundazioak eta Espainiako Gobernuak. Helbidea hauxe da: www.bancoderecuerdos.es.
Edozeinek parte har dezake bi modutara: norberak bere oroitzapena emanda –idatziz, argazkiz edo bideoz–, doan; edo oroitzapen bat diruz lagunduta, 1,20 eurotik hasi gura beste diru emanda. Norberak ematen duen diru hori Alzheimerra ikertzen laguntzeko erabiliko da.
Luis Galdos
Neurologoa

"Gehiago inbertitu behar da arazo sozio-
ekonomikoei aurre egiteko"
Txagorritxun Debagoieneko Alzheimer gaixo asko hartzen ditu Luis Galdos oñatiarrak.
Zuk esana da eskolaratu bako jendeak arrisku handiagoa duela. Zergatik?
Burmuina dinamikoa da, eta jaiotzen garenetik bere potentzialtasun guztiak aktibatu egin behar dira. Eskolaratze prozesua kritikoa da horretan.
Hipertentsioa, diabetesa, bihotzeko gertakariak… ere faktore bat izan daitezke.
65 urtetik gorako Alzheimer gaixoek faktore horiek proportzio handiagoan dituzte gaixotasuna ez dutenen aldean. Aldaketa baskularrek gehitu egiten dute Alzheimerra eragiten duten bi proteina.
Azken urteetan kasu gehiago ikusten dituzu?
Bai; alde batetik, bizi-iraupena handitzen doan heinean, kasu gehiago izango dira; eta bestetik, gizarteak gaixotasuna hobeto ezagutzen duenez, kontsultak ere handitzen doaz.
Zeintzuk dira orain ditugun hutsune handienak?
Zientzian, tratamendu eraginkorragoak lortzea, eta ikuspuntu sozio-ekonomikotik, gehiago inbertitzea Alzheimerrak sortzen dituen arazo sozio-
ekonomikoei aurre egiteko.
Badago arriskua txikitzeko modurik?
Bizitzaren lehenengo urteetan, eskolaratze unibertsala bermatu behar da, eta gero, arrisku faktore baskularrak kontrolatu. Eta, nola ez, ariketa fisikoak eta kognitiboak egin.