Bukatu berri duten tramu osoak 3,3 kilometro ditu. A-6260 errepidearen (Arrasate-Aramaio) gainetik doan aipaturiko Etxebarriko zubi-bideaz gain, Altxetarriko tunela eta trenak aurreratu edo geratzeko Aramaioko gunea ere batzen ditu tramu horrek. Gipuzkoa eta Araba arteko muga zeharkatzen du.
Gasteizetik Bilbora arteko tarte osoak 90,8 kilometro ditu eta horietatik 54 kilometrotan dihardu lanean une honetan Adif erakundeak. 90,8 kilometroak hogei tramutan banatu dituzte eta lanean diharduten 54 kilometroei dagozkie 13 tramu. Horien artean dago amaitu berri duten Arrazua/Ubarrundiatik Legutianora doana, 5 kilometro luze dituena.
"Kalteak gutxitu"
Aramaio eta Arrasate arteko tramu honetan ingurumen inpaktua murrizteko, 188.615 metro koadrotan birlandatuko dituzte arbustuak, belarra eta bertako 4.539 arbola.
Oro har, Gasteizetik Bibora arteko trazatuan, 2.433.132 metro koadro birlandatuko direla adierazi du Adif-ek. Orotara, 118.623 arbola.
Adif-etik adierazi duenez, azpiegitura lan horiek landa gune zein gune urbanoetan "ingurumenean eragin dituen kalteak gutxitzen" lagunduko dute ekimen horiek. Besteak beste, errekatxoak errekuperatzen.
5.000 ibilgailu gutxiago
Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute, egin dituzten aurreikuspenen arabera, egunero 5.000 ibilgailu eta 1.100 kamioi kenduko dituztela errepideetatik eta, ondorioz, 8.100 bidaia-ordu murriztea lortu.
Ikerketa horien arabera, AHTk 425 tona CO2 atmosferara isurtzea saihestuko du, 27.000 litro erregairi dagozkienak. Era berean, sufre oxido eta beste osagai kimiko eta organiko batzuk atmosferara isurtzea ere ekidingo du, betiere, Jaurlaritzako iturriek diotenez.
Adif-en ardurapekoa da Gasteiz eta Bilbo arteko trazatua eta Eusko Jaurlaritzari dagokio Bergara-Irun/Donostia tartea. Azken lan hauek Gipuzkoako ogasunak Espainiako estatuari kupo bidez ematen diotenetik aurreratuz egiten dihardute. Izan ere, Euskal Y-aren lan guztien kostua Madrileko gobernuari dagokio.