Mondragon Korporazioko beste kooperatiba bat Kunshanera doa uztailean

Leire Kortabarria 2011ko uztailaren 11

Oraingo hilean hasiko da Cikautxo kooperatiba bizkaitarraren produkzioa Txinan, Mondragon Korporazioak Kunshanen, Shangaitik hurbil duen industrialdean. Hainbat aplikaziotarako piezak edo multzoak egiten ditu material polimeroetan Cikautxok.

Nazioarteko proiektu berria martxan jartzeko zazpi milioi euro inbertitu du Cikautxok. Txinan planta berria irekita, Automozioaren eta Etxetresna Elektrikoen merkatuen globalizazioaren eskakizunei erantzun nahi die, sektore horietara bideratzen baitu bere produkziorik gehiena. Horrenbestez, "Cikautxok finkatu egingo du nazioartean duen presentzia, hainbat merkatutan dituen produkzio lantegien bidez, horien artean Txekiar Errepublika, Eslovakia, Brasil eta orain Txina", diote Mondragon Korporazioko arduradunek.

Cikautxo Txinak hasieran 6 injekzio makina izango ditu, Txinako merkatuko bezeroentzat kautxuzko piezak egiteko. Aurreikusita dago urtea amaitu baino lehen langile taldean 45 pertsona aritzea eta fakturazioa 1,2 milioi euro izatea.

%7 gehiago saltzea espero dute

Cikautxok 153 milioi euroko fakturazio osoa lortu zuen 2010ean, eta nazioarteko salmenten zifra 134 milioi eurora
iritsi zen (%87,5). Aurtengo ekitaldiari dagokionez, aurreikusita dago salmentak %7 handitzea aurreko ekitaldian lortutako zifrarekiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak