Zazpi hilabeteko ibilbidearen ostean itxi egin dute Batzokiko taberna-jatetxea

Edu Mendibil 2011ko uztailaren 9a

Ibilbide laburra izan du Bergarako Batzokiko azken etapak. Etapa berriari ekin zion joan den azaroan baina aurreikuspenak ez dira bete eta itxi egin dute.

Hainbat urtetako geldialdiaren ondoren, Jose Luis Lizartzaburu mutrikuarrak eta haren lan taldeak etapa berriari ekin zion joan den azaroan baina aurreikuspenak ez dira bete eta itxita dago Batzokia. Goitik behera berritu zuten taberna eta jatetxea eta hara joandako bezeroak oso gustura ziren arren, uste baino erantzun eskasagoa jaso du eta itxi beharrean aurkitu dira.

Bai Batzokia enpresari utzi zion Bergarako EAJk herriko batzokiko taberna eta jatetxea kudeatzeko ardura. Bai Batzokia enpresan batzen dira Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat batzoki, frankizia moduan; besteak beste, Zarautz, Beasain, Azkoitia, Eibar edo Durangokoa hain zuzen.

Bergarako batzokiko azken arduradunak ostalaritzan eskarmentu handikoak dira. Izan ere, Jose Luis Lizartzaburu Mutrikuko plazan dagoen Ametza tabernakoa da eta han dihardu lanean. Bergarako batzokiaren azken etapa honetan bi jangela egokitu zituzten, 20-25 bat lagunendako eta bestea 70 bat lagunendako. San Pedro kalean egindako trafiko aldaketek eta Komenio kaleko Pol-Pol tabernaren itxierak ez zion mesederik egingo Batzokiari. Gaur egun lehen baino jende gutxiago ibiltzen da inguru horretan. Ikusteko zer gertatuko den lokalarekin; oraingoz kartel bat jarri dute atean, "Itxita berriz jakinarazi arte" diona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak