Juan Luis Merino: "Arabako bi kideek ez dute EB-Berdeak alderdia ordezkatzen; lotsagabeak eta independenteak izan dira"

Asier Alkorta 2011ko uztailaren 9a

Xabier Agirrek Arabako Ahaldun Nagusi izateari utzi zion atzo, PPko Javier de Andreseri testigua pasatuz. Baina Batzar Nagusietatik irten aurretik, EB-Berdeak alderdiko ordezkariek negoziaketetan egindako eskaerak zeintzuk ziren salatu zuen. Juan Luis Merinok, EB-Berdeak-eko ordezkari bezala, bere alderdikideek eskatutako baldintzak "onartezinak" direla esan eta kide horiek ez dutela alderdia ordezkatzen esan du.

Atzo Xabier Agirrek Arabako ahaldun nagusi ohiak sekulakoak eta bi esan zituen zure alderdikideen eta oro har alderdiaren inguruan. Zer deritzozu?

Atzo gure koordinatzaileak esan zuen bezala, harrigarria izan da bi hilabete negoziatzen egon eta gero honetara iristea. Gure alderdikideak ziren baina euren kabuz jardun dute eta ondorioz ez dute Ezker Batua ordezkatzen, hori argi gera dadila. Lotsagabeak izan dira. Alderditik kanpo geratu dira izan ere gu ez gaude haiek esan dutenarekin bat ere ados, inola ere.

Zer deritzozu EB-Berdeaken izenean EAJri egindako eskaera horien gainean?

Gure alderdian bi sektore daude eta bi kide horiek Javi Madrazoren sektorekoak dira. Sektore hori zuzendaritza nagusitik aparte hari da jarduten eta euren gai pertsonalen arabera, dituzten interesen arabera, hartzen dituzte erabakiak. Arazo politikoak albo batera lagatzen dituzte eta hori ezin da onartu.

Beraz, bi kideek esandakotik ezer ez duzu ontzat hartzen.

Argi erakutsi nahi dut bi horiek esandakoarekin ez natorrela bat ere ados. Azpijokoa egin dute eta hori ezin da onartu. Ados egon ahal nintzen baldin eta herritarrei begirako baldintza batzuk ezarri bazituzten, baina azpijokoekin ez nago ados, eta hori da egin dutena.

Xabier Agirreren alde egin beharko zuen EB-Berdeak-ek?

Kasu honetan, alderdiaren erabaki ofiziala Agirreri babesa ematea zen. Bi aukera zeuden: txarra eta txarragoa. Horren aurrean, txarraren alde egin behar genuen.

Gertaera honek zertan eragingo dio EB-Berdeak alderdiari?

Alderdiaren zuzendaritzari jaramon egin barik jardun duten hauek independente bezala geratu dira eta alderdiarekin ez dute inolako loturarik. Laster batzar nagusia egingo dugu eta bertan ezkerreko politika indartzeko pausoak emango ditugu, alderdia berrindartzen saiatuko gara. Izen aldaketarik ez da egongo baina orain arteko lana indartzeko pausoak emango ditugu. Bide beretik, beste horrelako zer edo zer ez gertatzeko erabakiak hartuko dira

PP agintean jarrita, Araban gauzak zertan aldatuko direla uste duzu?

Alderdien nahaspila handia dago orain eta oreka mantendu ahal izateko alderdien arteko tira-bira asko egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak