'Haur etxeak' programa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko uztailaren 7a

0-3 urte bitarteko umeentzako haurtzaindegi zerbitzua eman nahi da, etxe partikularretan. Esperientzia pilotua izango da hasieran. Lana eta familia uztartzea du helburu.

Lana eta familia uztartzeko programaren barruan, Gizarte Gaietako eta Enplegu sailburua Gemma Zabaletak eta Komunitateko Familia zuzendaria Loli Gartziak 'Haur etxea' programa aurkeztu dute. 0-3 urte bitarteko umeendako zerbitzua da eta aukera emango du trebatutako zaintzaileek haurrak euren etxebizitzetan, etxebizitza partikularretan alegia, hartzea.

Frantzian eta Alemanian antzerako programak martxan dituzte dagoeneko. EAEn zerbitzua garatu ahal izateko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu du Agintzari ekimen sozialarekin. Hezitzaileen profila ere zehaztu dute; 30 urtetik gorakoak eta eskola-gradua izan beharko dute.

Malgutasun handiagoa

Zabaletaren esanetan, "malgutasun handia" eskainiko die zerbitzu berriak familiei izan ere Haur Etxe bakoitzak urteko egun guztietan eskainiko du zaintza zerbitzua eta bakoitzean, gehienez, lau ume hartuko dituzte. Umeak, eguneko, lau eta zortzi ordu artean egon ahal izango dira bertan eta otorduak familiek eraman beharko dituzte. Hileko kuota 100 eurokoa izango dela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak

Lehenengo Bizkaian

Hasteko eta datorren ikasturtera begira bost haur etxe zabalduko dituzte Bizkaian, horietatik bi Bilbon. Programa Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea da gero asmoa; guztira 189 unitate abian jarri nahi dituzte; 10 gehiago Bizkaian, lau Araban eta beste lau Gipuzkoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak