Bidegorriko aurpegi ezagunenak

Arritxu Barruso 2011ko uztailaren 9a

07:15ean, egunero-egunero, espedizio bitxia irteten da San Andres auzoko Andaluzia kaletik Eskoriatzarantz: Mariana, Silvia eta Matilde dira.

Urteak daramatzate astelehenetik egubakoitzera Arrasate eta Eskoriatza arteko bidea egiten; Marianak zortzi urte inguru daramatza, ondoren Matilda batu zen eta azken hiru urteetan Silvia –Marianaren alaba– ere gehitu zaie taldera: "Euria, elurra, izotza, beroa... Berdin du ze eguraldi egiten duen, egunero-egunero 07:15ean irteten da espedizioa. Eskoriatzaraino joan eta buelta egiten dugu. 5 gradu zero azpitik eginda ere joan izan gara. Neguan ordu horretan sekulako hotza egiten du, ilun egoten da, eta tapa-tapa eginda joaten gara, jendeak ezagutu ere ez gaitu egiten", kontatu digu Marianak.

Hamabost urte paseoan
Marianak zortzi urte daramatza Arrasate eta Eskoriatza arteko bidea egiten, baina, aurretik, senarrarekin joaten zen paseora: "Duela hamabost bat urte hasi ginen eta sei urtez egon ginen egunero-egunero paseo berbera egiten. Orduan ere 07:00etan irteten ginen. Arrasatetik Bedoñara joaten ginen, gero Urkulura, handik Aretxabaletara eta ondoren Arrasatera berriro ere".

Bidegorriko koadrila
Ez da batere erraza izan Mariana eta Silvia bidegorrian elkarrizketatzea; bertatik pasatzen diren pertsona guztiak ezagutu eta agurtzen dituzte: "Bidegorrian oso ezagunak gara, lagun taldea daukagu hemen. Jendea harritu egiten da, ze eurek batzuetan kale egiten baitute, baina gu egunero etortzen gara. Gainera, jende asko etortzen da Fagorrera lanera oinez eta horiek ere denak ezagutzen ditugu".

Goizeroko lagunarteko terapia
Eguneroko bueltatxoa egin ostean eguna beste indar batekin hasten dutela kontatu digute: "Ohitu egiten zara, eta paseotxoa egiten ez baduzu ez zara ondo sentitzen. Gainera, oso ondo pasatzen dugu elkarrekin, tontakeriak esanez joaten gara, sekulako barreak egiten ditugu. Eta arazoren bat badugu, elkarri animatzen ahalegintzen gara. Terapia bat bezala da".
Marianak kontatu digu oso  ondo sentitzen dela eta oso gutxitan joaten dela medikuarengana. Goizetako terapiak izango du, seguruenik, zerikusi horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak