Eva Salaberria: "Gure proiektuaren erdian daude pertsonak, ez azpiegiturak"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 8a

Donostia 2016ko bulegoko zuzendaria da Eva Salaberria (Donostia, 1964). Irribarretsu, pozik, dago lortutakoarekin. Donostiak merezita lortu duela hiriburutza. Erronka handiak ditugula dio.

Donostiaren izendapenaren aurka azaldu diren ahotsek harritu egin zaituzte?
Lasai gaude. Dinamika politikoei, arrazoi eta dialektika politikoei erantzuten diete erreakzio horiek. Epaimahaiak argi utzi zuen geuk merezi genuela 2016ko Europako Kultura Hiriburu izatea.

Belloch Zaragozako alkatea eta Aguilar Ingurumen ministroa bereziki gogorrak izan dira.
Bai, baina, esaterako, Zaragozako talde teknikoak deitu digu zorionak emateko. Epaimahaiaren behin betiko txostenaren zain gaude, argudio zehatzak-eta ezagutzeko. Zergatik aukeratu duten Donostia eta ze gomendio ematen dizkiguten.

Zergatik halako jarrerak?
Galtzaile txarraren erreakzioa da. Duela hilabete, Donostia faboritoen artean zegoen. Hauteskundeen ostean, berriz, galtzaile ematen ziguten... Epaimahaikoak Donostian izan ziren hauteskundeen ostean. Ezagutu nahi zituzten agintari berrien asmoak. Elkartu ziren Bildukoekin, jaso zuten jaso beharrekoak, aintzat hartu zituzten… Hortik aurrera ezer gutxi dugu esateko.

Erabaki politikoa izan dela diote.
Ez da erabaki politikoa izan. Proiektu kultural baten balorazioa izan da. Gaur egun edozein hiritan dago gatazka: belaunaldi ezberdinen artekoa, espazio publikoa erabiltzerakoan, ezberdinen ametsen artean… Baina, gatazka egon arren, jakin behar dugu zer egin biolentziarik ez erabiltzeko.

Arriskuan dago Donostiarendako hiriburuaren kontua?
Ez. Zaragozan lasaitu dira. Belloch hasi zen purrustadaka, baina oposizioko alderdiak eta herritarrek esan zioten lasaitzeko. Kordoban, jarraitzen dute oso haserre, baina…

Zergatik Donostia?
Proiektu ezberdina aurkeztu dugulako. Arriskuak zituen gure proiektuak. Besteena kultura ekitaldi edo gertaera ohikoez osatutako egitaraua zen. Urtarriletik abendura arteko kultura programazioa. Donostiak ez du hori egin, badaukalako ohiko kultura programazio aberatsa.

Non dago ezberdintasuna?
Donostiak prozesuaren alde egin du eta ez programazioaren alde. 2016 da guretako pilula eferbeszente moduko bat. Lurraldean sartzen den pilula. Pixkanaka, konexioak eta dinamikak sortzen ditu…, eta, 2016an, festa handia!

Festazaleak gara euskaldunak?
Asko gustatzen zaigu festa, batez ere zerbait daukagunean ospatzeko. Lortu behar dugu europarrek Donostiara etortzeko gogoa edukitzea. 2016a bukatu ostean, pilula eferbeszente horrek izango ditu osatzeko dohainak. Ditugun helburuei erantzuna emango diolako, urteak pasa ostean.

Berritzailea da azpiegituretan-eta inbertitu beharrean pertsonetan inbertitzea.
Hori egin zaie erakargarri epaimahaikoei. Gure proiektuaren erdigunean daude pertsonak, ez programak edo azpiegiturak. Pertsonok daukagu gaitasuna mundua eraldatzeko. Hori da guk egiten dugun apustua. Epaimahaiak ikusi du Donostiak eskaintzen dituela beste era bateko esperientziak. Kultura eta hezkuntza direla lehen mailako tresnak Europak dituen erronkei erantzuteko: kultura aniztasuna; teknologia eta kulturaren arteko harremanak; natura eta hiriaren artekoak; elkarbizitzarako ditugun arazoak…

Aniztasuna nabarmendu duzue.
Hizkuntz aniztasuna da gure aberastasuna, baina Europakoa ere bai. 33 hizkuntza ofizial daude Europan. Ze paper dauka euskarak? Zein izan behar du? Horiek dira gure erronkak, baina baita Europarenak ere. Hor dago Donostiaren arrakasta. Proiektu bertakoa da, baina, era berean, oso unibertsala.

Bilduk alkatetza lortu izanak arriskuan jarri du proiektua?
Aldaketa politikoren aurrean, kezkak sortzen dira, baina Juan Karlos Izagirrek eta gobernu talde berriak oso ondo kudeatu dute aldaketa une hori. Oso giro ona eta talde lana egon da Donostiako hautagaitza defenditzera Madrilera joan garenean. 22 urte daramatzat lanean Donostiako Udalean eta hau izan da proiektu bakarra talde guztien artean batasuna sortu duena. Hau eredua da eta aprobetxatu egin behar dugu. Elkartzen gaituenari eman diogu garrantzia eta herritarrek jarrera hori txalotu dute.

Ze ekarriko dio Donostiari Europako kultura hiriburu izateak?
Elkarlanerako aukera; elkarrekin pentsatzeko eta proiektu berriak gauzatzeko aukera; euskal kultura kanporatzeko, kanpoko kulturengandik ikasi eta gurearekin nahastu eta berriak sortzeko aukera… Kultur alorretik kanpo, jarduera ekonomikoari dagokionean ere, onurak handiak izango dira. Aurreikuspena da inbertitzen den euro bakoitzeko 8 euro itzuliko direla. Donostia eta Gipuzkoari ez ezik, Euskal Herri osoari ekarriko dizkio onurak.

Zertan gauzatuko da Kultura hiriburu izate hori?
Bost lan sistema ezarriko ditugu: Auzolab edo hiritar energien laborategiak; Sormenerako laborategiak; Hizkuntza laborategiak; Kultur parke laborategiak, eta Transmedia laborategiak. Lan sistema horiek jende asko mugiaraziko dute eta hortik etorriko dira lehen proiektuak.

Noiz gauzatuko dira proiektuak?
Proiektuak 62 jarduera ditu. Baina prozesuan oinarritutako proiektu batek utzi behar dio prozesuari lan egiten, ea zer ateratzen den hortik. Ardatza eta bizkarrezurra zehaztuta ditugu. Orain, lanean hasi eta geroago eta jende gehiago inplikatu behar dugu proiektu gehiago ateratzeko.

Ze ekitaldi mota?
Asmatu ditugu hiru gailu ibiltari: itsasontzi bat, tren bat eta zirku bat. Horiek Europara joango dira azaltzeko egiten duguna eta han ikasitakoa hona ekartzeko. Bestalde, Shakespeare hil zela 400 urte betetzen dira 2016an eta parkeetan antzeztuko da Udako gau bateko ametsa. Beste ekitaldi bat izango da Festimar, gure itsasoan egingo dena; edo Alicia In Miresgarri World erakusketa…

Eta umeen danborrada handia...
Urte hasierako ekitaldi nagusia, 2016koa izango da hori. 9.000 ume danborra astintzen.

Ze aurrekontu izango du honek denak?
2009tik 2020ra arte, 11 urterako, dauzkagu 89 milioi euro. %75 izango da finantzazio publikoa, hiru erakundeek, Kultura Ministerioak eta Europak jarria. Gainerakoa, finantzazio pribatua.

Poloniako Wroclaw hiria ere izango da Europako Kultura Hiriburu 2016an. Harremanik baduzue?
Izan dugu eta badugu. Irailean batzartuko gara. Aipatu nahi dut Fagorrek planta handi bat daukala hiriburu hartan. Hortaz, berez ere, Gipuzkoak eta Debagoienak badugu harremanik Wroclaw hiriarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak