Zerk bultzatu zintuen gerrako kontuei heltzeko?
Espainiako gerra gainetik kontatu ziguten ikastolan eta etxean ere ez didate gauza askorik azaldu, aitona gudaria izan zen arren. Oso gauza gutxi jaso ditut aiton-amonengandik eta gurasoengandik. Aitonaren lekukotza galdu nuen hura hildakoan. Alde batetik horrelako gertaera garrantzitsuaren aurrean zera esaten nion nire buruari: ez dakit ezer. Eta ez nuen nahi gaurko gazteek eta nire moduan zeudenek gauza bera sentitzea. Txispazo moduko bat izan nuen nolabait esatearren eta elkarrizketak egiten hasi nintzen 2006an: historialariak, alderdi politikoak, memoria historikoaren aldeko elkarteak, sindikatuak… Ate joka hasi eta jende mordo batekin egon naiz, 40 lagun inguru. Zerrenda luzea litzateke eta nik zubi lana besterik ez dut egin gudari eta milizianoen eta gizartearen artean.
Debagoieneko protagonistarik ez dago, ala?
Zoritxarrez, ez. Gertukoenak eibartarrak izan daitezke: Luis Mari Azpiri, Pako Barreña eta Gaspar Alvarez (Gallartakoa jaiotzez baina txikitan Eibarrera etorritakoa). Guztira 11 lagun dira liburuko protagonistak eta horietako lau hilda daude dagoeneko. Baina ikaragarri aberasgarria izan a guztiekin elkartu eta haien bizipenak jasotzea. Logikoa denez, urtetan gora dira denak baina sinestezina da erakutsi didaten indarra eta ilusioa. Horregatik bakarrik merezi izan du liburua idaztea.
Askotan esaten da Espainiako gerrari buruzko idatzietan emakumeek jasandakoa ez dela aipatzen eta zuk emakume baten testigantza jaso nahi izan duzu.
Bai, istorio oso interesgarria da Julia Hermosillarena. Anarkista zen, senarra moduan. Otxandioko frontera joan zen Julia eta uztailaren 22ko bonbardaketan larriki zauritu zuten. Oso gaizki egon zen. Erbestera joan eta handik urte batzuetara Ayete jauregian huts egindako atentatuan hartu zuen parte. Jakingo duzuenez, Francok uda sasoia Donostian igarotzeko ohitura zeukan garai baten eta 1962an Juliak eta beste hainbat lagunek (Julen Madariaga tartean, besteak beste) diktadorearen kontrato atentatua gertatu zuten. Ez zitzaien ondo atera akats tekniko bategatik, baina orduko prentsan jaso zuten gertatutakoa. Horren inguruko xehetasunak eman zizkidan Juliak, eta beste hamaika kontu ere.
Nondik dator liburuaren izenburua, Maizales bajo la lluvia?
Ez nuen nahi liburuari izenburu hotz bat jartzea. Gudariek artasoroak aipatzen zituzten behin eta berriz, artasoroetan ezkutatzen zirela eta horrelakoak. Batailoen metafora dira nolabait. Eta euripean, esanahi bikoitza dauka: alde batetik bi bandoen arteko desberdintasuna hegazkineria zen. Euria jasa bezalakoa zen nonbait eta euria ere protagonista izan zen egun haietan zenbait protegonisten arabera. Hortik izenburua. Itxura baten oso euritsia gertatu zen 1936ko uda hura.
Liburua egiterakoan gehien harritu zaituena, gertakari bereziren bat haren berririk ez zenuena?
Guztiz eskuzabalak izan dira protagonistak nirekin eta guztien duintasuna, kemena eta indarra mirestekoa da. Oraindik egundoko ilusioa daukate bizitzeko, 90 eta piku urterekin... Ez dute euren burua heroitzat, baina haien istorio txiki horiek guztiak baliagarriak dira historia ezagutzeko, benetan gertatutakoa jakiteko. Gizarteak, gaurko gazteek heroi guzti horiek eman zuten jakitea derrigorrezkoa ikusten dut.
Bestalde, jasotako bizipenen artean deigarria egin zitzaidan, frankisten eskuetan eroritako errepublikar batena. Haren bandokoak fusilatzeko agindua jaso zuen Paternan. 2.000tik gora lagun fusilatu zituzten Paternan gerran eta imajina ezazu zure bandokoak fusilatu behar izatea. Ikaragarria benetan.
Elgeta toki esanguratsuak izan zien gerran eta Elgetan aurkeztuko duzu liburua...
Lan itzela egin dute Elgetan Intxorta 1937 kultur elkarteak-eta. Leku estrategikoa eta adierazgarria izan zen Elgeta eta eguazteneko aurkezpena berezia izango da adibidez Marcelo Usabiagarendako, ez duelako museoa ezagutzen. Uste dut ekitaldi polita izango dela eguaztenekoa.
(Bihar, uztailak 7, Eibarko Portalean izango da Aitor Azurki. Eibarko aurkezpena ere 19:00etan izango da)