Bidezko Merkataritzako Harreman denda boluntario bila

Jokin Uribeetxeberria 2011ko uztailaren 13a

Harreman Denda bailarako Gobernuz Kanpoko Erakundeek kudeatutako proiektua da eta Bidezko Merkataritzako denda bezala funtzionatzen du Arrasateko Hiper Eroskin duela 14 urtetatik. Dendarekin aurrera jarraitzeko boluntario bila dabiltza Harreman GKEkoak. Goienak Harremaneko kide den Cristina Etxenausiarekin hitz egin du horren inguruan.

Zein da boluntarioak bilatzera bultzatzen zaituzteten arrazoia?

Guztiongan eragina izan duen bezala, krisiak ere Bidezko Merkataritza kolpatu du eta salmenta kopurua jaitsi egin dela kontuan hartuz, Harreman Denda gestionatzeko era aldatzera behartuak izan gara. Bidezko Merkataritzako beste Euskal Herriko hainbat dendek boluntarioekin bakarrik funtzionatzen dutela ikusi dugu eta gurean ere hori posible delakoan gaude. Ondorioz, guk ere boluntarioak bilatzeari ekin diogu.

Zein da bilatzen ari zareten boluntarioaren profila?

Guk nahi dugun boluntarioaren profila, besteengatik zerbait egiteko beharra sentitzen duenarena da, sozialki baliagarria sentitu eta konpromiso irmoa duena, alegia. Azken batean, esperientzia berriak izan nahi dituzten pertsonak nahi ditugu, beti ere, modu profesional batean jokatuz. Hori horrela, jubilatuetan, oporretan dauden gazteengan eta langabetuetan pentsatu dugu, besteak beste.

Nola eramango litzateke aurrera borondazteko lan hori?

Hogei pertsona inguru batzea lortuz gero, dendan bi astetik behin lan egiteko ordu kopurua 3 ordukoa izango litzateke, boluntario bakoitzeko. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 13:00ak artekoa goizez, eta 17:00etatik 20:00ak artekoa arratsaldez, izango litzateke. Gainera, lan-egutegi malgu bat izango genuke, beraz, boluntario bakoitzak aukeratuko luke noiz egin lan komeni zaionaren arabera.

Boluntarioak trebatzeko asmorik ba al daukazue?

Noski, hori izango da egingo dugun lehenengo gauza. Bidezko Merkataritzaren eta bertako produktuen inguruko hitzaldiak emango dizkiegu hasiera batean, eta denbora aurrera joan ahala eta beharrak identifikatzen ditugun heinean, informazio gehiago emango diegu.

Nolakoa izango da gestioa?

Denda eta boluntariotzaren kontu guztia koordinatuko duen pertsona bat egongo da eta horretaz gain, GKEetako kideak egongo gara behar den laguntza emateko. Azken finean, gure xedea boluntarioak eroso sentitzea da eta horretarako ahalik eta ondoen zaindu behar ditugu.

Interesatuek nora jo behar dute?

Interesatuta dagoen pertsona orok Harremaneko helbide elektronikora (harreman.ong@gmail.com) idatzi edota telefono honetara deitu dezake: 605720531 (Cristina).

Zerbait gehitzerik nahi?

Hemendik jendea Bidezko Merkataritzaren alde laguntza ematera bultzatu nahi dugu. Esperientzia interesgarria eta aberasgarria izango dela uste dugu ordu batzuk jende txiro eta herri pobreei laguntzen ematea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak