Gobernu berria aurkeztu du Garitanok

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 1a

Hedabideen aurrean aurkeztu du Martin Garitano ahaldun nagusiak bere gobernu osatu berria. Ekitaldi labur eta xumea izan da Foru Aldundiaren egoitzan, Gipuzkoa Plazako jauregian. Sei diputatu aurkeztu ditu; zazpigarrena, Ikerne Badiola (EA) Gazteria, Kultura eta Kiroleko diputatua ezin izan da ekitaldian egon. Madrilera joana zen. Bateragune auzian lekuko gisa deklaratzera joan da Espainiako Entzutegira. Larraitz Ugarte eta Ander Rodriguez debagoiendarrak han izan dira.

Garitanok nabarmendu du begi-bistan dela gobernu berria "parekidea, euskalduna, irekia, gardena eta gipuzkoarron parte-hartzea bermatuko duena" izango dela.

Diputatu berrien profilak ere azpimarratzekoak direla esan du Garitanok. Gobernu gaztea dela esan du, 30 eta 48 urte artekoa, baina teknikoki "aski prestatuta eta esperientzia handikoa".

Gaineratu du, gipuzkoarrek agindutako egitasmoa "ondo baino hobeto" aterako dutela aurrera.

Kritikak PSE-EEtik

Rafaela Romero Batzar Nagusietako PSE-EEko bozeramaileak eskatu dio ahaldun nagusiari, Gipuzkoako jendartearen "pluraltasuna" aintzat hartuta goberna dezala. Bestalde, gobernu berria "ahula" dela esan du eta gogoratu du 22 batzarkideren babesa izan arren, "gutxiengoan" gobernatuko duela.

Era berean, gobernua azkar osatu bai, baina "benetan garrantzitsua dena gobernu programa" dela esan du. "Gipuzkoar jendartea demokratikoki birsortzeko politikak ezagutu gura ditugu; era berean, krisiari aurre egiteko zer egin behar duen; lanpostuak sortzeko zer egingo duen; zela konponduko duen errepideen finantzazioaren arazoa; udalen zorrari aurre egiteko zer proposamen egingo duen… Erantzunak gura ditugu, ez izenak" esan du.

Bihar Azpeitian

Zapatu eguerdian Azpeitian Gipuzkoako Batzar Nagusietako bilkura ibiltaria egingo da. Ekitaldi hori aprobetxatuz, Ikerne Badiolaren izendapena egingo du Garitanok.

Hauxe da aurreikusitakoa:

11:50: Azpeitiko agintariek ahaldun nagusiari, diputatuei, eta Batzar Nagusietako Mahaiko lehendakariari harrera egingo diete.

11:55: Azpeitiko udaletxe barruan Ikerne Badiolari "benera" jarriko dio Garitanok.

12:00: Batzar Nagusietako pleno irekia izango da. Batzar Nagusietako buruak eta Azpeitiko alkateak hartuko dute hitza. Martin Garitanok ez du adierazpenik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak