Kutxak bategitearen alde bozkatu du

Leire Kortabarria 2011ko uztailaren 1a

Espero bezala, Kutxako administrazio batzordeak ontzat eman du BBKrekin eta Vitalekin bat egiteko prozesua. 12 batzordekidek alde bozkatu zuten, eta lauk, aurka.

KutxaBank SA delako banketxea da bategitetik sortuko dena.

Kutxako batzordekide bakoitzak bere botoaren arrazoia azaldu du. Batzordearen erabakia Kutxaren batzar orokorraren gehiengo kualifikatuak berretsi beharko du. Irailean dira batzar orokorra egitekoak.

Baieztatu egin da Kutxak banketxe berriaren akzioen %32 izango dituela. BBK-k izango du gehiengo absolutua, %57 akziorekin, eta Vitalek akzioen %11 izango ditu.

Hogei lagunek osatutako administrazio batzordeak gobernatuko du banketxe berria. Presidente exekutiboa BBK-k aukeratuko du; lehenengo presidenteordea, Kutxak, eta bigarrena, Vitalek.

BBK-k, botere handiena

BBK-k izango du erabakitzeko botere handiena, izan ere, banketxe berriko erabaki estrategikoak gutxienez bi aurrezki kutxaren adostasunarekin hartu beharko dira, baina "betiere, horietako bat parte-hartze kuota handiena duen kutxa izango da", esan du Kutxak.

Egoitza nagusia Bilbon izango da, eta bertan izango da ere ekonomia eta finantza jarduera. Baliabideak Donostian kudeatuko dira, eta Gasteizen, berriz, erakundeekiko harremanak eta arauak betetzeko gestioak.

Bategitetik kanpo geratzen da kutxa bakoitzaren Gizarte Ekintza, eta banketxearen urteko emaitzen %30 horixe kudeatzeko izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak